a
a
IKUSMIRA
 
Ikusmira Berriak egitasmorako hautatutako bost zuzendariek Tabakalerako egonaldietan izandako esperientzien berri eman dute
Osteguna, 2016(e)ko abuztuaren 25

Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak babesteko programa bat da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak antolatua, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. Programa horren barruan eskainitako egonaldiak iragan abuztuaren 15ean jarri ziren martxan. Egonaldiek sei asteko iraupena daukate. Horietan, Leo Calice, Mikel Gurrea, Aitor eta Amaia Merino eta Kiro Russo zuzendariek Tabakalerako Sortzaileen Gunerako aukeratutako lau proiektu garatuko dituzte. Prozesuan laguntzeko, lehenengo lau asteetarako profesional hauen ikasgai magistralak antolatu dira: Fernanda del Nido, Tic Tac Company ekoiztetxe independentearen sortzailea; John Paul Sniadecki, bere filmekin genero dokumentaleko mugak desafiatzen dituen zuzendaria, eta Manuel Arranz, RTVEren La2-eko zuzendari-ohia eta telebista programen ekoizlea. Horrez gain, egonaldirako aukeratutako sortzaileek baimen osoa izango dute Tabakaleran beren erreferentzia zinematografikoen artean den film bat programatzeko.

Egonaldiko bosgarren astean, Donostia Zinemaldiaren hasierarekin batera, pitching delakoa egiteko prestatuko dira: ikus-entzunezko proiektuaren aurkezpen labur bat, lan hori koproduzitzeko eta banatzeko interesa izan dezaketen ekoizle eta nazioarteko salmenta-agenteen aurrean. Zinemaldiko industria-arloan egingo dute pitchinga; iaz, 1.496 akreditatu bildu ziren arlo horretan. Hala, Industry Clubera bertaratutakoekin hitzorduak adosteko aukera izango dute, profesional gisa arituko dira jarduera horietan, eta emanaldi guztietara joateko akreditazio bat ere eskuratuko dute. Egonaldia, hain zuzen ere, irailaren 25ean amaituko da, Zinemaldia bukatu eta hurrengo egunean.

Sei aste horietan, aurkeztutako 33 proiektuen artean haienak aukeratu zituen aditu-batzordearen laguntza eta aholkularitza jasoko dute: Paz Lázaro, Berlineko zinema-jaialdiko Panorama saileko programazio-zuzendaria; Ada Solomon, zinema-ekoizlea eta HiFilm Productions ekoiztetxearen sortzailea, eta Sergio Oksman brasildar zuzendaria (Goodbye America, A Story for the Modlins, O futebol) eta Dok Films ekoiztetxearen arduraduna. “Nire ustez, programa hau opari bat da benetan, edozein artistarentzat. Patxadaz ikertzeko eta sortzeko aukera bat da, etxetik eta egunerokoaren betebeharretatik urrun, ingurune zoragarri batean, Donostian, sekulako zinema-jaialdi baten babesarekin” adierazi du Solomonek. Zaila iruditu zitzaion proiektua aukeratzea: “Txunditu ninduen proposamenen kalitateak, eta ezinezkoa iruditu zitzaidan lau soilik aukeratzea. Hautatzeko, osotasunean ebaluatu genituen proposamenak: horien originaltasuna, proiektuaren kalitatea, zinemagileak bere ideia zinemara eramateko duen gaitasuna, eta haren talentu eta eskarmentua”, azaldu du errumaniar ekoizleak.

Hamar egunez Tabakaleran lanean aritu ostean, beren iritziak plazaratu dituzte Leo Calicek, Labo kategorian (Clermont-Ferrand zinema-jaialdiko film labur esperimentalen saila); Mikel Gurreak, Kimuak film laburren aukeraren barruan; Aitor eta Amaia Merinok, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendarien kategorian, eta Kiro Russok, urtero Donostia Zinemaldian egiten den Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaguneko parte-hartzaileen aukeraren barruan.

 

Leo Calice
“Denbora hau aurrerabide handia egiteko aukera emango dio gure film laburrari”

“Ikusmira Berriak biotopo baten moduan ikusten dut: proiektuak garatzeko ekosistema batez hornitzen du, eta, esan beharrik ez, oso garrantzitsua da hori. Kontu estetiko eta teknikoak esploratzeko prozesuari bide ematen dio, eta horrek lotura du gure filmaren ekoizpenarekin” azaldu du Leo Calicek, Gerhard Tremlekin batera zuzentzen duen Calipatria animazio-dokumentala prestatzeko lanetan. “Tabakalerako egonaldian filmaketa-estudio bat egituratuko dut eta ekoizpen metodoak probatuko ditut, film laburra zehazki nola ekoitziko dugun erabaki ahal izateko. Ikusmira Berriak programak, horretarako denbora eta espazioa eman ez ezik, ikasgai magistralak antolatzen ditu eta lankide eta adituen feedbacka jasotzeko aukera ematen du. Interes handiz itxaroten ditut ikasgaiok, baita egonaldiko gainerako sortzaileekin trukea ere. Ziur naiz balio handikoa izango dela. Denbora hau aurrerabide handia egiteko aukera emango dio gure film laburrari”.

 

Mikel Gurrea
“Ikusmira Berriak programak merezi duen garrantzia ematen dio sormen-prozesuari”

“Esperientzia egitekotsua eta oso interesgarria ari da izaten. Egonaldiaren antolatzaileak ezagutzeko aukera izan dugu, eta hasiera-hasieratik harrera ona egin eta laguntza eman digute. Orobat, parte hartzen duten zinemagileekin ikuspuntuak trukatzeko ere izan dugu aukerarik. Hasieran gaude, baina sentsazioak oso onak dira” adierazi du. “Nire ustez, Ikusmira Berriakek bete-betean asmatu du sormen-prozesuari merezi duen garrantzia ematen. Egonaldiak kontatu nahi ditugun istorioak garatzeko eta aurkitzeko espazioa, denbora eta baliabideak eskaintzen dizkigu, materiala sortzeko eta esperimentatzeko, zertarako eta hemendik proiektu sendoagoarekin ateratzeko. Hori guztiori Zinemaldian pitching saio batekin burutzeak motibatzen zaitu, eta egin nahi duzun filma egitera bultzatzen”. Berari dagokionez, adierazi du “egonaldiak idazten laguntzen dit, eta horixe behar dut. Sormen-prozesu dinamikoagoa eta arinagoa probatzen laguntzen dit. Maila txikiagoan saiatua nintzen; hemen, indar handiagoz garatu dezaket. Arriskuak hartzen laguntzen dit, hartara istorio hau kontatzeko modurik onena aurkitzeko”. Horregatik, espero du “Ikusmira Berriak programa urte luzez irautea. Benetan merezi du-eta.”

 

Aitor eta Amaia Merino
“Guk hazia ereiten dugu; Ikusmira Berriakek lurzorua eta ureztatzeko ura jartzen du”

Aitor eta Amaia Merino anai-arreben ustez “esperientzia oso aberasgarria ari da izaten”. “Batetik, tutoretzek proiektuaren helburuak argitzen laguntzen digute; bestetik, aukeratutako beste sortzaileekin batera lan egiteak zalantzak eta kezkak eztabaidatzeko aukera ematen digu. Tabakalerako gunea ezin hobea da, atsegin handiz ari gara bertan lanean” diote. Haien ustez, “Ikusmira Berriak programa sortzaileak abian jartzeko bultzada da. Ikasteko prozesu osoa ez ezik, maila handiko lantalde profesional bat eskaintzen digu, fase honetan laguntza eta aholkularitza jasotzeko. Arruntean, inolako laguntzarik gabe egiten da hori. Gainera, Zinemaldiak eskaintzen duen merkatuan sartzeko aukera ematen digu. Sormeneko eta ekoizpeneko tailerrak gehituta, egonaldi erabat egokia dugu, oso-osoa. Guk hazia ereiten dugu; Ikusmira Berriakek lurzorua eta ureztatzeko ura jartzen digu, proiektua indarrez haz dadin” ondorioztatu dute. Bestalde, Amaia Ekuadorren bizi da eta Aitor Madrilen. Horiek horrela, “beti izaten da zaila” lanerako elkartzea. “Ikusmira Berriakek elkartzeko eta lanean hasteko aukera eman digu, non eta gure jaioterrian. Guretzat opari bat da programa hau” aitortu dute.

 

Kiro Russo
“Aparteko egonaldi bat da, honelako bakarra munduan”

“Itxaropen asko ditut” azaldu du boliviar zuzendariak, Locarnoko Cineasti del Presente zinema-jaialdian parte hartu berritan. Han, aipamen berezi bat egin diote haren Viejo Calavera filmari. “Liluratuta geratu naiz Tabakalerako instalazioekin, inoiz ikusi dudan kulturgune zoragarriena da. Luxu aparta iruditzen zait eremu horretan sei astez lan egiteko aukera; gainera, Donostia hiri magikoa eta ederra da, ezin hobea ideiei bide emateko, idazten jartzeko eta proiektuak esperimentatzeko”. “Laguntza handia jasoko dugu, ez soilik eremuaren erosotasunari eta askotariko materiala, filmekoa nahiz idatzizkoa, eskuratzeko aukera mugagabeari esker; baita egonaldiko beste sortzaileekin izaten hasi garen hartu-emanari esker, eta proiektu guztietan laguntzen diguten tutoreei esker. Uste dut egonaldi hau aparta dela, honelako bakarra munduan; izan ere, hizkuntza zinematografikoaren molde berriak esploratu nahi dituzten filmak babesten ditu batik bat. Oso ekimen garrantzitsua da”.
 


Tabakalera
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1
20012 Donostia
T. +34 943 48 12 12
E. ikusmira@ikusmiraberriak.eu