a
a
IKUSMIRA
 
Ikusmira Berriak programaren laugarren edizioan Manuel Abramovich, Grigory Kolomytsev, Elena López Riera, Arantza Santesteban eta Nele Wohlatz egileen lanak hautatu dira
2018ko maiatzak 24

Elías Querejeta Zine Eskola egoitzen programan kide sartu izanari esker, hautatutako proposamenen kopurua lautik bostera zabaldu ahal izan da.

Alemania, Argentina, Espainia eta Errusiako zuzendariek beren ikus-entzunezko proiektuak garatuko dituzte Ikusmira Berriak programaren esparruan; aurten laugarren edizioa egingo da. Hautaketa batzordea Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko, Donostia  Zinemaldiko eta, lehen aldiz, Elías Querejeta Zine Eskolako kideek osatzen dute. Eta, oraingo honetan, 31 herrialdetatik jasotako 155 proposamenen artean, proiektu hauek aukeratu dituzte: nazioarteko kategorian, Argentinako Manuel Abramovich zinemagilearen (Buenos Aires, 1987) El oasis eta Nele Wohlatzen (Hannover, Alemania, 1982) Dormen os peixes de olhos abertos; Espainiako egileen atalean, Elena López Rieraren (Orihuela, Espainia, 1982) El agua; Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren zinemagileen artean, Arantza Santestebanen (Iruñea, Espainia, 1979) 918 gau; eta Nest-eko (Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa) ikasle ohien artean, Grigory Kolomytseven (Krasnodar, Errusia, 1990) Chupacabra.

Aukeratutako bost proposamenak kartzelako eguneroko bizitzari, pornoaren industriari, legendei, haurtzaroari eta deserrotzeari buruzko proiektuak dira. Bosgarren proiektua aukeratu ahal izan da Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen duten ikus-entzunezko egoitzen programa honetara Elías Querejeta Zine Eskola kide gisa sartu izanari esker.

Hautatutako zinemagiletako batzuek ibilbide luzea dute nazioarteko zinemaldietan. Abramovichek filmak estreinatu izan ditu Berlinen edo Karlovy Vary-n, non aipamen berezia jaso zuen; eta aurreko urtean bere azken filma (Soldado) Zabaltegi-Tabakaleran proiektatu zen. Bestetik, López Rierak bi ekoizpen aurkeztu ditu Cannes eta Locarnoko Zinemagileen Hamabostaldian. Eta Nele Wohlatzek opera onenari saria jaso zuen El futuro perfecto filmarekin, Locarnon eta Zinebin. Kolomytsev, bere aldetik, bi urtez jarraian aukeratu dute Nesten (2016 eta 2017). Eta Arantza Santestebanen azken lana, Irati Gorostidirekin batera zuzendutakoa, azken Donostia Zinemaldian proiektatu zen, Zinemira atalean, profesionalei zuzendutako Kimuak katalogoaren saioen barruan.

Bost zinemagileek sei asteko egoitza egingo dute Donostian, datorren abuztuaren 20tik aurrera. Lehen lau asteetan, beren proiektuak garatuko dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean. Horrez gain, eskola magistralak eta adituen batzordeko kideen aholkularitza jasoko dituzte. Aurtengo batzordea Sergio Oksman zinemagile brasildarrak, Fodhla Cronin O’Reilly ekoizle irlandarrak eta TorinoFilmLab-eko zuzendari Savina Neirottik osatzen dute. Batzordeak epaimahaiari lagundu dio proposamenen hautaketan.

Egonaldiaren bosgarren astean, pitching saioa prestatuko dute, hau da, seigarren eta azken astean Donostia Zinemaldiaren barruan industriako kideei egingo dieten aurkezpena. Egoiliarrek aukera izango dute euren proiektuetan esku hartu nahi duten profesionalekin hitzorduak egiteko, eta Zinemaldiko proiekzioetara eta Industriako jardueretara joateko akreditazioa izango dute.

Ikusmira Berriak programaren bidez, gainera, 25.000 euroko diru-laguntza banatuko da hautaturiko proiektuen artean. Horrez gain, REC Grabaketa Estudioak postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu sari gisa, film luze bat grabatzeko (35.000 euroko kostua du).

Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta lengoaia berrien alde egiten duten talentu berriak eta ikus-entzunezko ekoiztetxe eta industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Donostia Zinemaldiak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak utzitako ondarearen parte da.


Tabakalera
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1
20012 Donostia
T. +34 943 48 12 12
E. ikusmira@ikusmiraberriak.eu