a
a
IKUSMIRA
 
Ikusmira Berriak ekimenak hirugarren deialdia ireki du
Astelehena, 2017(e)ko otsailaren 6

Ikusmira Berriak egonaldiak eta proiektu zinematografikoak egiteko programak hirugarren deialdia irekiko du gaurtik aurrera, otsailak 6. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak bultzatutako ekimenean lau parte-hartze kategoria egongo dira: Zinemaldiaren azken edizioko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako parte-hartzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleak, gainerako Espainiako ekoizleak eta ekoizle atzerritarrak. Tabakalerako kultura-zuzendariak, Ane Rodríguez Armendariz, eta Zinemaldiko zuzendariak, José Luis Rebordinos, prentsaurrekoan azaldu dutenez, «sartzeko ate berri horiek Ikusmira Berriak ekimenaren nazioarteko hedadura indartuko dute».

Programak berrikuntzaren eta hizkuntza berrien alde egiten duten talentu berriak nahiz ekoizleak eta ikus-entzunezko industriak inplikatu nahi ditu. Horretarako sei asteko egonaldia eskaintzen du. Lehen lau asteetan, ekoizleek beren proiektuak landuko dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean, eta profesionalek eskola magistralak emango dizkiete. Sergio Oksman, John Paul Sniadecki, Nicolas Klotz, Oskar Alegría edo Andrés Di Tella zinemagileek, Ada Solomon, Fernanda del Nido, Koldo Zuazua edo Marianne Slot ekoizleek, edo Paz Lázaro eta antzeko jaialdi-programatzaileek lehen bi edizioetako egoiliarrak bisitatu eta aholkatu zituzten. Egonaldiko bosgarren astean, pitching-saiorako prestatuko dira: egonaldiko seigarren eta azken astean egin beharreko proiektuaren aurkezpena. Industriako profesionalei aurkeztuko diete, Donostiako Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren esparruan. Egoiliarrek haien proiektuetan laguntzeko interesa duten bertaratutako profesionalekin hitzorduak egiteko aukera izango dute, eta gainera, Zinemaldiko emanaldietara eta industria-jardueretara joateko akreditazioa izango dute.

Ikusmira Berriak ekimeneko lehen bi edizioetan hautatutako zortzi proiektuak ekoizteko bidean daude edo lortzeko aukera onak dituzte. Lehen edizioko proiektuei dagokienez, Xacio Bañoren Trote proiektuak (Frida Films) Xuntaren eta Galiziako Telebistaren laguntza ekonomikoa jaso du, eta 2017ko maiatzaren eta ekainaren artean filmatuko da. Pablo Álvarezen El extraño film laburra Zabaltegi-Tabakaleraren azken edizioan estreinatu zen. Hilabete honetan hasiko dira Tamyka Smithen Fleurette French filmatzen, eta Maider Oleagak IRA 26-2 proiektuan udaberri honetan lan egiteko asmoa du, Eusko Jaurlaritzak emandako sormen-dokumentalak ekoizteko laguntza jaso ondoren. 2016ko edizioari dagokionez, Tándem Entertainmentek Mikel Gurrearen Suro proiektua ekoitziko du; 23 Festival de Cinema Independent de Barcelonaren esparruan, L’Alternativa profesionalen jarduerarako hautatu dute. Kiro Russoren Loba proiektuak, Mar de Platako Zine Jaialdiko LoboLABen lehen saria irabazi du, hau da, Argentinako 100.000 peso (6.000 euro). Leo Caliceren eta Gerhard Tremlen Calipatria film luzeak finantziazioa osatu du, eta Aitor eta Amaia Merinoren Fantasía film-dokumentalak Doxa Producciones etxearen babesa du, eta ekoizleak International Documentary Film Festival Amsterdamen (IDFA) aurkeztu du.

Ikusmira Berriak ekimenak 20.000 euroko laguntza ekonomikoa du, eta hori hautatutako proiektuen artean banatzen da. Era berean, REC Grabaketa Estudioak bere zerbitzuak eskaintzen ditu sari moduan film labur baten postprodukziorako (10.500 euroan baloratua), eta film luze baten postprodukziorako (35.000 euroan baloratua). 2016ko edizioan, REC-en laguntza izan zuten Mikel Gurrearen Suro proiektuak eta Leo Caliceren eta Gerharden Calipatria proiektuak.

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 3an bukatuko da. Egonaldien betekizunak eta baldintzak programaren web-orrian zehaztuta daude (www.ikusmiraberriak.eu).


Tabakalera
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1
20012 Donostia
T. +34 943 48 12 12
E. ikusmira@ikusmiraberriak.eu