Tabakalera kultura garaikidearen sorkuntza-zentro bat da eta gogoeta kritikoa, hausnarketa eta eztabaida piztea du xede.
Kultura-proiektua ez ezik, Tabakaleraren eraikinak Euskadiko Filmategiaren, Donostia Zinemaldiaren, Etxepare Euskal Institutuaren, Kutxa Fundazioaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren egoitzak ere ditu, sormenezko komunikazioa indartzeko eta eragileen zein herritarren arteko elkarlan eta harremanerako guneak ahalbidetzeko.
Tabakaleraren helburu nagusia kultura-sorkuntza garaikidea sustatzea da sormen-esparru ezberdinetan eta fase guztietan (ikerketa, ekoizpena, erakusketa), eta, gainera, sorkuntza sustatu eta jadanik dagoen ingurune sortzailea sendotu nahi du tokiko ehunari lagunduz.
Donostia Zinemaldia, 2021ean 69.edizioa egingo duena, munduko zinema-jaialdi garrantzitsuenetako bat da; Lehiaketazkoa eta espezializatu gabea da, halaber, FIAPF erakundearen ziurtagiriaren arabera (Ekoizle Zinematografikoen Elkarteen Nazioarteko Federazioa).
Aspaldi honetan, Zinemaldiak “Z365 edo Urte Osoko Zinemaldiaren” kontzeptua garatzen eta indartzen aritu da. Hori da, hain zuzen, erakunde honen apustu estrategikoetako bat, eta Zinemaldiak XXI. mendean dituen funtsezko jarduketa-ildoak bateratzen ditu: talentu berriak bilatzea eta garatzea eta horiei lagun egitea (Ikusmira Berriak, Nest), prestakuntza eta zinemari buruzko ezagutzak transmititzea (Elías Querejeta Zine Eskola eta Zinemaldia +) eta ikerketa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua eta Zine argitalpena).
Elías Querejeta Zine Eskola zinemaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko nazioarteko zentro bat da, pentsamendua, praktika esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa eskaintzen dituena. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua, Elias Querejeta Zine Eskola 2017. urtean jaioa da, espiritu suhar eta berritzaileaz beterik; bere helburua ez da eredu formatibo tradizional eta estandarizatuen araberako koadro teknikoak sortzea, baizik eta begiratu integrala duten eta errealitate zinematografiko berriak (laboralak, kontzeptualak, kreatiboak, profesionalak) sortzeko gai diren zinemagileak sustatzea.
Eskolaren garapenean inplikaturik dauden erakundeak ez dira irakas-mundukoak, erakunde zinematografikoak baizik. Horretatik dator sustatzen ari diren eskola ere proiektu zinematografikoa izatea funtsean: proiektu pedagogikoaren forma duen proiektu zinematografikoa. Horregatik, EQZEk ez da eskaintza formatibo anitzen bilduma bat, baizik eta proiektu pedagogiko bakarra, graduondoko hiru programa biltzen dituena: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza.