a
a
IKUSMIRA
 
Chupacabra
Grigory Kolomytsev (Krasnodar, Errusia, 1990)

Niretzat oso garrantzitsua da lehen film hau haurtzaroari buruzkoa izatea; nahikoa denbora igaro da, baina sentimenduak eta oroitzapenak oraindik ere fresko daude. Itsaso ondoan jaio nintzen. Hori izan zen heriotzarekin izan nuen lehen esperientzia. Olatuen eta haizearen soinua da nire haurtzaroko soinua, eta amaren malkoak, berriz, giza sentimendu nagusia. Andreyk, mutiko autista txikiak, benetan uste du ez dagoela heriotzarik eta bere burua sakrifikatuz gero maitasuna aurki dezakeela. Haur sakratu txiki baten bizitza gogorrari buruzko filma da. “San Andreyren bizitza” da.

Iraupena: 90'
Hizkuntza: Errusiera
Grabaketa lekua: Errusia, Kola penintsula

Sinopsia: Bederatzi urte zituenean, Andrey herri txiki bateko kanpoaldean bizi zen, Itsaso Zuriaren ondoan. Andreyren amak, urduri, pobre izateaz nazkatuta eta senarrik gabe, etengabeko tentsioan zuen haurra, eta jo egiten zuen. Bikain portatzen ez zen bakoitzean, amak umezurztegira bidaliko zuela egiten zion mehatxu. Behin, Andreyk hildako txakur bat aurkitu zuen itsasertzean, ekaitz batean. Chupacabra ahuntz-banpiro mitikoa zela erabaki zuen, eta hark ama sufrimendu orotik askatu eta biei elkartzen lagunduko ziela sinetsi zuen. Andreyk telebistan entzun zuen Chupacabrak ilargi beteko gau batean norbaiti hozka eginez gero, pertsona hori bera Chupacabra bihurtuko zela. Andreyk hildako txakurraren hortzarekin atzamarka egin zuen eskuan.


 
918 GAU
Arantza Santesteban (Pamplona, 1979)

Kartzelari buruzko askotariko narratiba zinematografikoak daude; hala ere, nire ustez, beti falta dute zerbait. Irudi hauek islatzen dutena ez dira kartzelako eguneroko baldintzak, baizik eta kartzelari buruz dugun imajinario sozialak erabiltzen dituen formak. Gelaxkak, patioak, hesiak, krimen antolatua, terrorismoa edo drogak... Aurretiko ezaugarritze hori osatzen duten elementuak dira. Hala ere, ia ezinezkoa da kartzelako eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren gauzak irudikatzea: denboraren joana, kanpoko munduarekiko isolamendua, itxita egotearen ondorio fisiko eta psikologikoak, menderatze-espazio opakuak... Film honek gai horiek jorratzen ditu.

Iraupena: 50’
Hizkuntza: Euskara
Grabaketa lekua: Donostia, Iruñea, Bartzelona.

Sinopsia: Polizia-furgoi baten gelaxka txikian, kartzelan urte luzeak zeramatzan emakume batek hau esan zidan:  kartzela zer den kontatzeko, beharrezkoa da bertan lo egin izana. Duela ia hamarkada bat, 918 gau egin nituen kartzelan. Film honetan, mundu isolatu eta irudirik gabeko batean bizitzea zer den azaltzen dut.

 
El agua
Elena López Riera (Orihuela, Espainia, 1982)

Orihuelan, Levanteko herri batean jaio nintzen. Herri hori Segura ibaiak, Europako ibairik kutsatuenak, zeharkatzen du. Amarekin, amonarekin eta izebekin hazi nintzen; emakume horiek askotariko istorioak kontatzen zituzten, arratsalde bero luze eta itogarriak azkarrago pasarazteko. Kontakizun horien oinarria ia beti benetakoa zen (gertakarietan, auzokidez auzokide pasatzen ziren sekretuetan edo familiaren istorioetan oinarritzen ziren), baina bertsioz bertsio aldatu egiten ziren, kasu batzuetan fantasiazko kontakizun bilakatu arte. Ziurrenik horregatik erabaki nuen egun batean filmak egitea. Historia eta poesia bereizten ez dituen herriko kontakizun kolektibo horri nire ekarpena egin nahi nion.

Iraupena: 90’
Hizkuntza: Gaztelania
Grabaketa lekua: Vega Baja del Segura (Alacant, Espainia)

Sinopsia: Uda da, eta ekaitz handi bat Espainiako Levanteko herritxo batera hurbiltzen ari da. Anak 17 urte ditu eta amaren itzalean hazi da; ama azken uholdeetan desagertu zen, eta bere istorioa mamuen elezahar bilakatu da, herriko emakumeentzako pertsonaia bihurtu da, zeinek esaten duten ura beti etortzen dela heriotzarekin nahastuta. Ekaitzaren aurreko giro elektriko horretan, Anak Jose ezagutu du, eta lehen aldiz maitemindu da.

 
Dormen os peixes de olhos abertos
Nele Wohlatz (Hannover, Alemania, 1982)

Recife historia handia duen hiria da, baina badirudi hiri-garapenaren bidez aztarna horiek ezabatu eta aireportu baten antza eman nahi zaiola: murru altuek babestutako segurtasun pribatua duten dorre generikoak, merkataritza-guneak eta lokalizazioak lotzen dituzten hirietako autobideak. Edozein lekutan gerta litekeen film bat egin nahi dut, bertara arrazoi ezberdinak direla eta iritsi baina hiri berri horren zati ez diren pertsonei buruzkoa baita. Recifera egin nuen lehen bisitaren ondoren pentsatu nuen, “eta zergatik ez hemen?”. Aurpegi anonimo horren atzean, hiria hausturaz, samurtasunez eta bitxikeriez beteta dago.

Iraupena: 90’
Hizkuntza: Mandarin-txinera, portugesa eta ingelesa
Grabaketa lekua:  Recife (Brasil)

Sinopsia: Hiru atzerritar hiri tropikal batean, edozein lekutan egon litezkeen tokietan zehar ibiltzen. Gela zuriak eta hutsak dituen jabekidetzen dorre bat, made in China purtzilerien dendak, marrazoen erasoak jasaten dituen hondartza bat, itsasoa. Lixue, Ah eta Bo batzuetan fikzioa dirudien errealitatean daude; akaso, munduko hirien etorkizunari buruzko iragarpen batean. Amaitu gabeko abesti baten hiru estrofa; baina, nork hitz egiten du noren bidez? Hiruren deserrotzeak, horren ezberdinak, horren berdinak.

 
El oasis
Manuel Abramovich (Buenos Aires, 1987)

El Oasis intimitatea show gisa eraikitzeari buruzko filma da. Horrez gain, egiten ari naizen trilogia baten bigarren atala da. Gorputz maskulinoa negozio gisa erabiltzeari buruzkoa da, eta hiru hiritako pornografian eta sexu-lanean ardazten da (Berlin, Mexiko Hiria eta Buenos Aires). Pornoaren industria sexuari buruz hitz egiteko testuinguru gisa interesatzen zait, non “ni”-a besteentzako eraikitzen baiten, non existitzeko konektatuta egon eta ikusgarri izan behar baiten. Nola bihurtu norberaren gorputza ikuskizun? Nola antzezten da plazera?

Iraupena: 90’
Hizkuntza: Gaztelania
Grabaketa lekua: Mexiko

Sinopsia: “Zergatik egin nahi duzu pornoa?”, galdetzen diote castingean. “Plazera irudikatzeak zoratzen nauelako”. Nola bihurtzen da norberaren plazera ikuskizun bat? Aktore porno batek bere sexualitatea show bihurtzen badu, non dago benetako plazera?

 


Tabakalera
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1
20012 Donostia
T. +34 943 48 12 12
E. ikusmira@ikusmiraberriak.eu