a
a
IKUSMIRA
 
ALL DIRT ROADS TASTE OF SALT
Raven Jackson (AEB)

All Dirt Roads Taste Of Salt , funtsean, protagonistaren adin ezberdinetako nortasun guztien arteko elkarrizketa lirikoa da, bere bizitzako esperientzia guztiak biltzen dituena. Filma ez da denboran lineala; hala, memoriaren naturari buruz aritzen da, eta aztertu egiten du nola islatzen diren gaztetako gertakariak heldutasunean. All Dirt Roads Taste Of Salt lanaren bidez, protagonistaren bizitzako aldaketak eta txinpartak aztertzen ditut, baita horiek urteetan zehar nola zabaltzen diren ere.

Gidoia: Raven Jackson

Iraupena: 75'
Hizkuntza: Ingelesa
Grabaketa lekua: AEB

Sinopsia: All Dirt Roads Taste of Salt lan lirikoa eta ez-lineala da, oroitzapenen testura gogora ekartzen duena. Lanaren bidez, Amerikako hegoaldeko emakume beltz baten bizitza kontatzen digu, gaztetatik bizitzako azken urteetara arte.

 
UN PERSONAJE VOLADOR
Martina Juncadella (Argentina)

Zenbat identitate egon daitezke bizitza batean? Zenbat ezagutzen ditugu? Zenbat ez ditugu ezagutzen?
Horietako bakoitzaren jatorri eta esplorazioan elkar gurutzatu eta bereizten dituen aukeren pasioa gordetzen da. Un personaje volador konstelazio horren isla da. Ama galtzean (Mónica Rossi margolari argentinarra), errealitate-krisia bizitzen duen idazle baten (Iosi Havilio) irudian dago inspiratuta . Pertsonaiak beste bizitza batzuk bilatuko ditu, bizi duen bilakaera partikularra bezain fikziozkoak eta benetakoak direnak. Beste nortasun horiek modu paralelo eta bereizian hitz egin, pentsatu eta jokatzen dute, bakoitzak bere kolore, erritmo, hizkuntza, musika eta isiltasunekin.

Ideia originala eta garapena: Iosi Havilio eta Martina Juncadella

Gidoia: Iosi Havilio eta Martina Juncadella

Iraupena: 90'
Hizkuntza: Gaztelera eta Frantsesa
Grabaketa lekua: Buenos Aires, Argentina

Sinopsia: Amaren heriotzagatik doluan dagoenean, idazle bat Buenos Aireseko erdiguneko hotel mitikora lekualdatzen da. Bere hurrengo nobelari ekiten dion bitartean, hirian zehar noraezean ibiltzen da, ireki ezin duen margolan-biribilki batekin. Ezezagun batzuekin topaketa ustekabe bezain errebelatzaileak izan ondoren, bere egunak arraro bihurtzen dira. Gau luze batean, azkenean lortu egiten du bere amak utzitako obrak zabaltzea. Ordutik aurrera, ez da soilik bera izango: Pablo ere izango da, pizti neurrigabea eta samurra; Úrsula ere izango da, emakume kaustiko eta malenkoniatsua. Hiru nortasun, hiru bizitza, eta denak ala denak esperientzia berean bilduta.

 

“Cartones de Rafael-Hoy”, Mónica Rossi, 1981

 
ANTIER NOCHE
Alberto Martín Menacho (Suitza - Espainia)

Antier noche proiektua amonari beti entzun izan diodana adieraztea da; hau da, herenegun gauean gertatutakoaz hitz egitea, orainalditik iragana kontatzea. Film honek munduko txoko baztertu batetik zinema egiteko desioari erantzuten dio, ezagutzen dudan gazte talde batekin. Gainera, aurretik ere haiekin lan egin izan dut. Eta, elkarrekin, euren istorio hori berreraikiko dugu, hain zuzen nire familiarekin aurreko mendeko 60ko hamarkadan hasi zen istorio hori. Orduan, baita egun ere, emigratzea etengabe aurrera doan garaiera egokitzeko irtenbideetako bat da.

Gidoia: Alberto Martín Menacho

Iraupena: 100'
Hizkuntza: Gaztelera
Grabaketa lekua: Badajoz, Extremadura

Sinopsia: Neguko hilabete hotzetan zehar, Extremadurako iparraldeko mendietan ehizara joaten dira. Ana (20) eta Juan Luis (25) bikote gaztea dira, eta erritual horretan txakurrak gidatu behar dituzte. Anak denboraldi bat darama herritik ihes egiteko eta hiriburura emigratzeko nahiarekin. Bikoteak elkarren arteko harremanaren baldintzak negoziatu behar ditu, eta elkarrekin jarraituko duten edo ez erabaki behar dute. Martín (11) Anaren neba gaztea da; haurra landa-eremuan hazten ari da, naturaren indarkeriaren albo-alboan. Behar bada, gaur egun banaketa bat irudikatzea desagertzen ari den mundu zaharraren eta agertzen ari den mundu modernoaren arteko haustura gogora ekartzea da.

 
SIN DOLOR
Michael Wahrmann (Brasil)

Hasiera-hasieratik, filma beldurrezko narratiba gisa bururatu zitzaidan. Ez naiz generoko filmen oso zalea, eta aurreko lanetan ez nuen generoa landu. Hala ere, hasierako kontzeptu hori filmaren egitura dramatikoaren oinarri gisa erabili nahi izan nuen.

Aldi berean, hasieran genero-eraikuntza argia dirudien horrek bistakoa gainditu eta ikus-entzunezko forma abstraktuagoa eskuratu behar du. Genero-sistema eta -arauengandik aldendu eta adierazpen pertsonal bihurtu behar da, gaur egungo Brasilgo egoera sozial eta politiko sutsua irudikatzeko.

Gidoia: Michael Wahrmann, Diego Lerer eta Alejandro Fadel

Iraupena: 100'
Hizkuntza: Portugesa, Frantsesa eta Alemana
Grabaketa lekua: Brasil / Paris

Sinopsia: Erretiroa hartutako bikote frantses batek abandonatutako etxe bat erosten du Brasilgo ipar-ekialdeko paradisu-irla batean. Irla haiek uste baino isolatuago dago. Baina, erositako lurraldera iritsi bezain laster, konturatzen dira bertan Alemaniako kolonia zahar baten ondorengoez osatutako arrantzale-herri txiki bat dagoela. Herritarrek gorputzean dituzten orbainek hamarkadetan zehar gordetako sekretua ezkutatzen dute. Lanak lurrari eta mugei lotutako klase-borroka irudikatzen du, eta galderak planteatzen ditu mugei eta min mota ezberdinei buruz, beldurrezko thriller sozialen estiloa jarraituz.

 

 

 
Jo ta ke
Aitziber Olaskoaga (EAE)

1992. urtean, Negu Gorriak taldeak diskorik argitaratu ez zuen urte bakarrean, nire amak amaitutzat jo zuen zoriontasunik gabeko bikote-bizitza . Ordura arte, ez nuen sekula feminismo hitza entzun; hala ere, aitaren figura autoritario eta misoginoaren aurka altxatzen hasi nintzen. Urte batzuk geroago, neure buruari galdetuko nion zergatik antolatzen diren ezkerreko ideologia baten jarraitzaileak zenbait opresio-sistemaren aurka borrokatzeko, baina gero zergatik ezin dute gauza bera egin patriarkatua bezalako sistemen aurka. Oroitzapen horiek bide emango diete aitaren, aberriaren eta nazionalismoen arteko loturari buruzko hausnarketei. Irudiak iragan eta etorkizuneko beste aukera batzuk irudikatzeko tresna gisa erabil ditzakegu?

Gidoia: Aitziber Olaskoaga eta Pilar Monsell

Iraupena: 25' - 30'
Hizkuntza: Euskara eta gaztelera
Grabaketa lekua: Euskal Herria

Sinopsia: 1990. urtean Negu Gorriak taldeak lehenbiziko kontzertua egin zuen Herrera de la Mancha espetxearen aurrean. Beranduago, emanaldiaren VHSa jarri zuen salgai. Zinta hori sinbolo bihurtu zen ezker abertzalearen jarraitzaileentzat. Jo ta ke bideo-entseguaren abiapuntua irudi horiek dira, hain zuzen, baita zuzendariaren senideen oroitzapenak ere. Haren bidez, hausnartu egiten du nazio-identitatearen eraikuntzari eta aberriaren, aitaren eta abertzaletasunaren arteko loturari buruz. Proiektuak egilearen kontzientzia politikoaren susperraldia jasotzen du, euskal inguru politizatu eta polarizatu batean.

 


Tabakalera
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1
20012 Donostia
T. +34 943 48 12 12
E. ikusmira@ikusmiraberriak.eu