a
a
IKUSMIRA
 
HASTA QUE EL LUGAR SE HAGA IMPROBABLE
Magdalena Orellana (Espainia - Argentina)

Film hau pertsonaia talde baten bizitzetan dauden suposizio multzo bat da… Zientzia espekulatibo batek edo zientzialari talde batek asmatutako lurralde bat ikertzen dute. Esploratzaileak eremu ezezagun horretara doaz, baina ez helburu profesionalekin, baizik eta beren oporrak pasatzera (batzuek denbora galtzea dela pentsatuko dute, beharbada). Bazkalondoko magia-trikimailuen filma ere bada, saihestu nahi izango genituzkeen ausazko topaketena, amaierarik gabeko siestena eta eguzkitako krema gehiegi botatzearena.

Ekoizpen-herrialdea: Espainia - Argentina
Iraupena: 60 min 
Gidoia: Magdalena Orellana
Hizkuntza: Gaztelania
Filmaketa-formatua: Digitala
Filmaketa-tokiak: Madril, Donostia (Espainia)

Ipar polo magnetikoa ohiko ardatzetik desplazatzen ari da, eta komunitate zientifikoak ez daki zergatik. Artifizio bat balitz bezala, film honetako protagonistek ustekabeko zenbait gertakari biziko dituzte ikasitakoa kendu nahi diela dirudien indar misteriotsu baten eraginpean. Udako oporretan dauden laurogeita hiru pertsonak sekulako siesta egingo dute ezagutzen ez dugun kolore-espektroa duen zerupean. Esnatu egingo dira noizbait. Edo agian ez. Aukera biak dira zentzuzkoak.

 
LA GRUTA DEL VIENTO
Eduardo Crespo (Argentina)

Duela zenbait urte aukera izan nuen Europara migratu zuen nire familiaren zati batekin elkartzeko. Europarren ondorengoak ziren, 90eko hamarkadan Argentinan bizi zen krisialdi ekonomikoaren ondorioz, gure aitona-amonek egindako bidea kontrako noranzkoan egin zutenak. Italiara itzuli ziren. Inpresio kontraesankorra izan nuen; batetik, asimilatuta zeuden, baina, bestetik, deserrotzea sentitzen zuten. Bidaia hartan, nire lehengusu-lehengusinek haitzuloak ezagutzera eraman ninduten, eta nirekin partekatu zuten espazio horien esplorazioa. 
​Han piztu zen espazioaren eta emozioen ikerketa uztartzen dituen film hau egiteko nahia.

Ekoizpen-herrialdea: Argentina
Iraupena: 80 minutu, gutxi gorabehera.
Gidoia: Eduardo Crespo
Hizkuntza: Gaztelania, italiera
Filmaketa-formatua: Digitala, 4K
Filmaketa-tokiak: Italia

Horacio albaitaria da, eta zenbait urte igaro dira Italiara Argentinatik iritsi zenetik. Mara alabarekin bizi da. Gaztea eta barnerakoia da, eta espeleologia maite du. Bakoitzak bidaia bat egingo du, baina mendian egingo dute topo, ordura arte hitz egin gabekoei buruz hitz egiteko. La gruta del viento filmak behar baino lehenagoko agur bat kontatzen du. Bizitzak aurrera egiten duen bitartean gauzatzen ditugun eguneroko errituak. Maitasun-loturak, identitatea, naturaren indarra eta emozioak.

 
MANANTIAL
Manuel Muñoz Rivas (Espainia)

MANANTIAL irudimen poetikotik eratorritako ideia baten (ibai baten iturburuaren bila dabiltzan bi agureri buruzko narrazio alegorikoa) eta errealitatean ausaz jazotako egitate bat (nire aitak pairatutako gaixotasun luze eta konplexua) uztartzean sortu zen proiektu bat da. Genesi “mestizo” hori fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugen haraindiko eremuan landu eta garatu behar den lanaren aurrekaria da. Filmaren izaera poetikoa ibai baten iturburuaren bilaketa frustratuan dago, inora eramaten ez duten bide nahasietan barna. Bide horretan, dena da nahasketa, harridura eta txundidura.

Ekoizpen-herrialdea: Espainia
Iraupena: 80
Gidoia: Manuel Muñoz Rivas
Hizkuntza: Gaztelania
Filmaketa-Formatua: Digitala
Filmaketa-Tokiak: Cádiz, Sevilla, Córdoba, Jaén, Cazorla Mendilerroa

Neurokirurgia-ebakuntza konplexu bat jaso eta ospitalean denboraldi luze bat egon eta gero, partzialki errehabilitatuta dagoen gizon edadetu bat asteburu-pasa joango da bere emaztearekin. Kotxez joango dira elkarrekin ibai baten bokaletik mendira, non oinez jarraituko duten ibaiaren iturburu ezkutuaren bila. Bidea nahasgarria da, eta ezbaian jarriko ditu beren erresistentzia fisikoa eta morala. Iturburura iristear daudela, ilundu egingo du, eta ezin izango dute ikusi.

 
WANDERVOGEL
Mina Fitzpatrick (AEB)

Nire film guztietan izan dira garrantzitsu haurren eta gurasoen arteko harremanak, gizartearen gaitzespena eta isolamendua. Zinemagile gisa, asko interesatzen zaizkit arruntak ez diren familietako dinamika intimoak. Nire lehen filmean, “A Letter for Sang-Ah”, bikoterik gabeko ama baten istorioa kontatu nuen, bere semea nola zaindu eta hazten duen ezkonduta ez dauden emakumeak baztertzen dituen gizarte batean. Nire azken dokumentalean, “Before the President” (postprodukzio-fasean dago une honetan), aita kartzelaratu dutelako banatuta dagoen familia baten istorioa kontatzen dut, eta justizia egiteko bizi behar duten itxaronaldi luzea. Beren ekintzen bitartez aktibista bihurtzen diren pertsona arruntak interesatzen zaizkit, baita ekintza horiek beren familia eta harremanetan duten eragina ere. Dan Daileyren antzeko ezaugarriak dituzten aktibistek erakartzen naute, ikusten dudalako egin nahi dutenaren balioa, emaitzak esperotakoak ez badira ere. Uste dut dokumentalak egiten ditugun zinemagileok ere antzeko galderak egin eta antzeko erantzun konplexuak jasotzen ditugula.

Ekoizpen-herrialdea:  AEB
Iraupena: 80 minutu
Gidoia: -- 
Hizkuntza: Ingelesa
Filmaketa-formatua: Digitala/4K
Filmaketa-tokiak: Texaseko mendebaldea

Estrella Vista Chihuahuako basamortuan ezkutatutako arrantxo txiki bat da, parrizida gazteen aterpe bihurtu dena, beren gurasoak erailtzea egotzita kartzelan egon eta bertatik atera eta gero. Dan Dailey (68) eta Derek King (28) batera bizi dira Texas mendebaldeko basamortuan. Dan bihotzeko batek jota hil eta gero, Derek noraezean ibiliko da, eta herriko agintariek susmagarritzat hartuko dute. Wandervogel dokumental hibrido bat da, Dan Daileyren bizitza aztertu, eta, aldi berean, Dereken irudimeneko aitaren figura saiheskorra eraikiko duena. Danen egunerokoa erabilita, The Wandervogel Diary, Derekek eta filmaketa-taldeak berraragitze filmikorako aukerak aztertuko dituzte.

 
Y ASÍ SEGUIRÁN LAS COSAS
Marina Palacio Burgueño (Espainia)

'Y así seguirán las cosas' nire aitona-amonen herria inguratzen duten zelaietan irudikatutako zinema-eszena bat oinarritzat hartuta hazten doan film bat da, konstelazio bat balitz bezala. Alabaina, irudi zehatz horrekin batera ikusiko duguna zoriaren esku egongo den prozesu bat izango da. Filma sortzeko bidean aurrera egiteko behar duguna bizitzak emango digulako esperantza ezinbesteko pieza izango da proiektua aurrera eramateko.

Ekoizpen-herrialdea: Espainia
Iraupena: Film luzea (90 minutu, gutxi gorabehera)
Gidoia: Jesús Palacio eta Marina Palacio
Hizkuntza: Gaztelania
Filmaketa-formatua: Digitala, koloretan.
Filmaketa-tokiak: Palentzia (probintzia), Espainia.

Y así seguirán las cosas fikzioaren eta errealitatearen arteko erdibidean dagoen proiektu bat da. 5 urtetan egitea aurreikusi da, eta filmaketa protagonisten bizitzaren eskutik joango da; izan ere, Tierra de Campos eskualdeko herri txiki batean bizitzeari utziko diote filmaren protagonistek. Beren bizitza aldatu egingo da, baina baita filma ere, haien bizitzekin batera.


Tabakalera
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1
20012 Donostia
T. +34 943 48 12 12
E. ikusmira@tabakalera.eus - ikusmira@sansebastianfestival.com