Ikusmira Berriak programak egoitzak gehitu eta indartu ditu
Ana Cristina Barragan, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, João Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeld Tabakalerako egonaldiaren lehen etapa burutzen ari dira dagoeneko.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten ikus-entzunezko proiektuak garatzeko eta egoitzak egiteko Ikusmira Berriak programak parte-hartzaile kopurua gehitu du bostetik seira, eta aurten, lehen aldiz, proiektuak Donostian garatzeko aukeratu diren pertsonek tutoretza osagarriak eta pertsonalizatuak jasoko dituzte Elena López Riera, Jean-Gabriel Périot, José Luis Torres Leiva, Lucile Hadzihalilovic, Fernanda del Nido eta Paolo Moretti profesionalen eskutik. Berrikuntza horri eta azken urteetan bultzatutako beste neurri batzuei esker, programak talentu berriak bilatzen jarraitzen du, mundu osoko zinemagileei laguntza emanez.
2021eko abenduan iragarri bezala, Ikusmira Berriak programaren zortzigarren edizioan aukeratutako proiektuak dira Ana Cristina Barragánena, Jaume Claretena, Meritxell Colellena, Irati Gorostidirena, João Paulo Mirandarena eta Maximiliano Schonfeldena. Hala, martxoaren 14tik apirilaren 24ra bitartean Donostian izango dira, beren hurrengo proiektuak garatzen. Gainera, apirilaren 9an, Tabakalerako zinema-aretoan, Zinemaldia + Plus saio batean, beren aurreko lan batzuk aurkeztuko dituzte.
Sei aste iraungo dituen lehen fasean, Tabakalerako Artisten Gunean proiektuak garatzen hasteko tresnak emango zaizkie parte-hartzaileei eta beste arte-egoitza batzuetako sortzaileei. Zinemagile bakoitzak adituen batzordeko hiru kideetako bat izango du lagun —Olimpia Pont (zinema-industriako aholkularia), Javier Martín (aholkularia eta Donostia Zinemaldiko hautespen-batzordeko kidea) eta Sergio Oksman (zuzendaria, ekoizlea eta zinema-irakaslea)—, arduratuko direnak lanak in situ aztertzeaz eta aholkularitza emateaz, diziplina anitzeko ikuspegitik. Berrikuntza gisa, aurten egoiliar bakoitzak tutore bat izango du, zeinak proiektuaren jarraipen pertsonalizatua egingo baitu, bakoitzaren eskaeretara eta beharretara egokituta online saioen bitartez.
Hain zuzen ere, Elena López Riera zuzendari alacantarrak Meritxell Colell (Barcelona, 1983) lagunduko du. Ikusmira Berriak programaren Espainiako kategorian hautatu dute bere hirugarren film luzea garatzeko, Lejos de los árboles / Far from Trees. Jean-Gabriel Périot zinemagile galiarrak Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988) nafarra aholkatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaria, bere lehen film luzea garatzeko, Anekumen. José Luis Torres Leiva zuzendari argentinarrak Ana Cristina Barragán (Quito, 1987) gidatuko du, Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) hirugarren promozioko ordezkaria, La hiedra lanarekin. Lucile Hadzihalilovic zinemagile frantziarrak gauza bera egingo du nazioarteko kategorian aukeratu duten Maximiliano Schonfelden (Crespo, Argentina, 1982) Frankenstein filmarekin. Nazioarteko kategorian ere hartuko du parte João Paulo Mirandak (Porto Feliz, Brasil, 1982). Bandeira film luzea lantzen lagun izango du Paolo Moretti italiarra, Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldiko zuzendaria. Azkenik, Fernanda del Nido ekoizle argentinarrak Jaume Claret (Bartzelona, 1998) lagunduko du, Nest kategorian Estrany riu / Strange River garatuko duena.
Gainera, aintzat hartuta gidoiaren idazketa egoitzan gauzatzen diren jarduera nagusietako bat dela, Ikusmira Berriak programan aukera izango da Fran Araujo gidoilariak emango duen tailer batera joateko. Era berean, Vanesa Fernández Guerra aholkulariak eta Zinebiko zuzendariak online saio bat egingo du laguntzen eta deialdien gaineko informazioa emateko.
Horrenbestez, Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak Ikusmira Berriak programako egoitzak indartzen jarraitzen dute, eta azken urteetan gehitu dituzte egoiliar, proiektu eta baliabide kopurua. Lehen edizioetan lau zinemagile aukeratzen zituzten, baina kopuruak gora egin du zortzigarren deialdiko sei partaideetaraino. Egoitza-denbora ere gehitu da; izan ere, zazpi hilabetez luzatzen da, aurrez aurreko zortzi asteko egonaldiarekin (aurretik sei astekoa zen), bi fasetan banatuta: sei aste martxoa eta apirila bitartean eta bi aste irailean, Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez, proiektuak egoera aurreratuagoan industriari aurkezteko.
Duela urte batzuetatik, gainera, egoiliar bakoitzari ekainean 5.000 euroko laguntza ematen zaio, bi egonaldien artean beren proiektuetan lanean jarrai dezaten. Tarteko aldi horretan, adituek online aholkularitza ematen jarraituko dute. Amaitzeko, Irusoin ekoiztetxeak postprodukzioaren Irusoin saria emango dio proiektu horietako bati. Garaileak soinua, kolorea eta grafismoa postproduzitzeko zerbitzuak jaso ahal izango ditu DCP master bat lortu arte.
Egoitzen programak eta deialdiarekiko interesak antzera eboluzionatu dute: lehen edizioan, 2015ekoan, 32 proiektu jaso zituzten; azkenekoan, ordea, 281. Goranzko joera izan du, halaber, programako proiektuek nazioarteko jaialdietan izandako partaidetzen eta lortutako sarien kopuruak. Berrienen artean, El gran movimiento (Kiro Russo, 2021) nabarmendu behar da. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi - Tabakalera sailean parte hartu zuen Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean epaimahaiaren sari berezia irabazi ondoren; gainera, zuzendari onenaren saria irabazi zuen Bosphorus zinema-jaialdian. Eles transportan a morte / They carry death filmak (Helena Girón eta Samuel M. Delgado, 2021), halaber, aipamen berezia lortu zuen Zabaltegi - Tabakalera sailean, ekarpen tekniko onenaren saria Veneziako Kritikaren Astean, bai eta zuzendari onenaren saria ere, Toulouseko Cinespaña jaialdian (2021). Era berean, 918 gau filmak (Arantza Santesteban, 2021) film onenaren Lisboa Hiria saria eskuratu zuen 2021eko DocLisboa jaialdian eta film onenaren saria Torinoko zinema jaialdiko TFFDoc / Internazionale.doc sailean, baita ikusleen sari berezia eta epaimahaiaren aipamen berezia ere Punto de Vista jaialdian. Hain zuzen ere, datorren apirilaren 3an, Arantza Santestebanek Kontatutako Zinea zikloan parte hartuko du, non 918 gau proiektatu eta filma sortzeko prozesuaz arituko baita.