Laura Citarella, Alexandre Koberidze, Elena López Riera, Damien Manivel, Kleber Mendonça Filho eta Catarina Vasconcelos, Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioko proiektuen tutoreak
Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa zinemagileak Donostiako Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Artisten Gunean daude hilaren 6tik,
Ikusmira Berriak programaren barruan egiten ari diren egonaldian –ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldi-programa da, Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatua–.
Aste honetan, aurrez aurreko saioak egin dituzte Ikusmira Berriak programako adituen batzordeko kideekin; hau da, Sergio Oksman errealizadorearekin, Olimpia Pont Cháfer aholkulariarekin eta Javier Martín aholkulari eta Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kidearekin. Gainera, Ikusmira Berriak programaren berezitasunetako bat da ex profeso aukeratzen dituela hautatutako proiektuen tutoreak, haien beharrak eta zinemagileen eskaerak kontuan hartuta.
Hala, aurten, Elena López Riera errealizadore espainiarrak –haren El agua / The Water (2022) estreinako filma ere Ikusmira Berriak-en egon zen eta Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aukeratu zuten– Naomi Pacifiqueri eta bere proiektuari (after the night, the night) emango die laguntza. Lan hori Amsterdamgo kaleetan kokatuta dago eta monogamia zalantzan jartzen du. Catarina Vasconcelos zinemagile eta ekoizle portugaldarrak –A Metamorfose dos Pássaros / The Metamorphosis of Birds (2020) filma zuzendu zuen, Berlingo Fipresci saria eta Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi zituen– gauza bera egingo du Maddi Barberrekin eta Claros de bosque (Basoko argiak) lanarekin. Nafarroako Pirinioetan emakume bat, gizon bat eta hiru oilar lotzen ditu istorio horrek eta Eusko Jaurlaritzak Tabakalerarekin batera bultzatutako Noka Mentoring 2021 programa abiatu zen. Damien Manivel zinemagile frantziarra –Les enfants d’Isadora / Isadora's Children (2019) filmarekin Locarnon zuzendari onenaren saria irabazi zuen eta Zabaltegi-Tabakalera sariaren aipamen berezi bat jaso zuen–, Elías Querejeta Zine Eskolako laugarren promozioko ikasle Hikaru Uwagawaren eta Homeroren Odisea-z eta etxearen kontzeptuaz egin duen berrikuspen japoniarraren tutorea izango da (Ulysses). Laura Citarella ekoizle argentinarrak –Trenque Lauquen filmaren zuzendari txalotua (Venezia, Zabaltegi-Tabakalera, Mar del Plata)– David Pérez Sañudori lagunduko dio Italiara itzuliko den hogeita hamar urteko bati buruzko ikerketan (La última noche de un Erasmus en Roma / Erasmus baten azken gaua Erroman). Alexandre Koberidze Georgiako errealizadoreak –Berlinen, Mar del Platan eta Tokion saritua Ras vkhedavt, rodesac cas vukurebt? / What Do We See When We Look At The Sky? (2021) filmagatik– Sameh Alaa gidatuko du gizarte errepresibo baten aurrean erreakzionatzen duen emakume bati buruzko bere esplorazioan (I Can Hear Your Voice... Still). Azkenik, Kleber Mendonça Filho zinemagile brasildarra –Bacurau filmarekin (2019) Canneseko Epaimahaiaren Saria irabazi zuen– María Alché zinemagile argentinarraren tutorea izango da. Azken hori 40ko eta 60ko hamarkaden artean Argentinako historia markatu zuten gertakariekin lotutako melodrama intimo bat lantzen ari da (Te amo y hoy todo es hermoso).
Proiektu bakoitzerako ad hoc aukeratutako aditu eta profesionalen batzordearen aholkularitza jasotzeaz gain, Ariadna Ribasek (Pacifiction, Suro) aurrez aurreko muntaketa-tailer bat emango die, martxoaren 21ean eta 22an, eta Anna Ciennik aholkulariak gidoi tailer bat, hori ere aurrez aurrekoa (martxoaren 30ean eta 31n).
Sei zinemagileek apirilaren 16ra arteko epea izango dute beren proiektuak garatzeko. Hilaren 8an, Zinemaldia + Plus ekimenaren urteko fokuaren barruan, Ikusmira Berriak programako egoiliarrek aurretik egin dituzten lanetako batzuk publikoarekin partekatuko dituzte Tabakalerako zinema-aretoan. Sameh Alaa errealizadore egiptoarrak –Donostian bere lehen film luzea prestatzen ari da– Canneseko zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria irabazi zuen I Am Afraid to Forget Your Face film laburra (2020) aurkeztuko du; María Alchék –Donostia Zinemaldian Horizontes saria irabazi zuen Familia sumergida izeneko bere lehen film luzearekin– Noelia (2012) aurkeztuko du, bere lehen film laburra, Buenos Airesen eta IndieLisboan saritua. Madrilen bizi den Hikaru Uwagawa errealizadore japoniarrak Ulises, Telémaco y Penélope proiektatuko du, egonaldian lantzen ari den Ulysses film luzearen parte den pieza bat. Naomi Pacifique zuzendari suitzar-holandarrak after the room (2021) aurkeztuko du. Film hori Nest sailean lehiatu zen, Locarnon Zilarrezko Lehoinabarra irabazi zuen eta bere after the night, the night film luzearen abiapuntua ere bada. David Pérez Sañudo euskal zuzendariak –Ane / Ane is Missing (2020) estreinaldiko lana New Directors sailean lehiatu zen, Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen eta gidoi egokitu onenaren Goya saria ere bai–, La colcha y la madre (2021) film laburra aurkeztuko du. Maddi Barber errealizadore nafarrak Zabaltegi-Tabakalera sailaren parte izan zen 592 metroz goiti / Above 592 Metres (2018) pieza aurkeztuko du.
Ekainean, egoiliar bakoitzak 10.000 euroko laguntza jasoko du, programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarraitu ahal izateko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan industriako profesionalei aurkeztu ahalko dizkiete proiektuak, eta, agenda pertsonalizatu bati esker, euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Horrez gain, Elamedia Euskadi enpresak Postprodukzioko Elamedia Euskadi Saria emango dio hautatutako proiektuetako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.
Ikusmira Berriak programak Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Erakundearen (ICAA) ikus-entzunezko proiektuak sortzeko eta garatzeko laborategientzako laguntzak jaso ditu 2022. eta 2023. urteetarako, Ikus-entzunezko Sektorea bultzatzeko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Plan horren helburua da indartzea laborategiak, inkubagailuak, egoitzak, plataformak eta antzeko ekimenak, idazketa- eta garapen-fasean proiektuak bultzatzen dituztenak, ekoizpenetan kalitate handiagoa lortzeko eta merkatura eta publikoarengana hobeto iristeko, haien zirkulazioa eta errentagarritasuna bermatuko dituzten kondizio egokiekin. Laguntza horiei esker, Ikusmira Berriak programak bikoiztu egin du egoitzako proiektuetarako laguntza ekonomikoa, eta zinemagile bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu bere proposamenean lan egiteko, orain arte ematen ziren 5.000 euroen ordez.