Itzuli

Ikusmira Berriak programaren hirugarren edizioak 35 urtetik beherako bost zinemagileren proposamenak hautatu ditu

Argentina, Belgika eta Espainiako errealizadoreek haien proiektuak landuko dituzte abuztuaren 21etik aurrera Tabakaleran

Ikusmira Berriak programaren hirugarren edizioak 26 eta 33 urte arteko bost zinemagileren lau proposamen hautatu ditu: Maider Fernández Iriarte euskal errealizadorearena, Espainiako Samuel M. Delgadok eta Helena Girónek osatutako bikotearena, Argentinako Julia Pesce zuzendariarena eta Belgikako Leo Van Dijl zinemagilearena.

Hautapen-batzordeak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko eta Donostia Zinemaldiko kideek osatua, 19 herrialdetatik bidalitako 157 proposamenen artean, honakoak hautatu ditu: Maider Fernández Iriarteren Las letras de Jordi, Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreen kategorian; Samuel M. Delgadoren eta Helena Girónen Eles transportan a morte, gainerako Espainiako errealizadoreen proposamenen artean; Julia Pesceren Águila de papel, nazioarteko errealizadoreen kategorian; eta Leonardo Van Dijlen Stephanie, Donostia Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako aurreko edizioetan parte hartu duten zinemagileen artean.

Proposamenek % 320 egin dute gora aurreko urtearekiko, eta horien hautaketa egiteko, epaimahaiak adituen batzordearen aholkularitza izan du. Edizio honetan, batzordea honako hauek osatu dute: Locarnoko zinema-jaialdiko zuzendari Carlo Chatrianek, Brasilgo zinemagile Sergio Oksmanek eta Errumaniako produktore Ada Solomonek.

Maider Fernández Iriartek (Donostia, 1988) iaz, Las Chicas de Pasaik kolektiboko kide gisa, Gure Hormek film laburra estreinatu zuen Zabaltegi - Tabakalera sailean. Aurten, Jainkoarekiko maitasunari eta gizon aske baten hitzari buruzko film bat mahaigaineratu du. Gizon hori, Jordi, duela 51 urte jaio zen, garuneko paralisiarekin.

Samuel M. Delgadok (Santa Cruz Tenerifekoa, 1987) eta Helena Girónek (Santiago de Compostela, 1988) narrazioa eta esperimentazioa nahastu dute Kristobal Kolon buru zuen espedizio bateko hiru tripulatzaileren ihesa esploratzeko.

Julia Pesceren (Córdoba, Argentina, 1984) proiektua tensegritatearen inguruko esperientzia familiar eta pertsonal batean oinarritzen da, Espainiaren konkista baino lehenago Mexikon garatutako pase magiko deitutako mugimenduen bertsio moderno eta egokituaren inguruan, hain zuzen ere.

Leonardo Van Dijlek (Kortrijk, Belgika, 1991) joan den urtean, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan parte hartu zuen eta Panavision sariaren aipamen berezi bat jaso zuen Umpire film laburragatik. Oraingo honetan 15 urteko gimnasta bat hartuko du ardatz, haren bizitza lesio larri baten ondorioz aldatuko zaion gimnasta bat.

Bost errealizadoreek sei asteko egonaldia izango dute Donostian, abuztuaren 21etik aurrera. Lehen lau asteetan, errealizadoreek beren proiektuak landuko dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean, eta eskola magistralak eta adituen batzordeko kideen aholkularitza jasoko dituzte.

Egonaldiko bosgarren astean, pitching-saioa prestatuko dute, proiektuaren industriako profesionalen aurreko aurkezpen bat. Aurkezpena egonaldiko seigarren eta azken astean izango da, Donostia Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren esparruan. Egoiliarrek haien proiektuetan kolaboratzeko interesa duten profesionalekin hitzorduak adosteko aukera izango dute, eta Zinemaldiko emanaldietara eta Industria jardueretara joateko akreditazioa izango dute.

Horretaz gain, Ikusmira Berriak programak 20.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko du hautatutako proiektuen artean. Gainera, REC Grabaketa Estudioak, sari moduan, film luze bat egiteko postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu, 35.000 euroko balioarekin.

Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta hizkuntza berrien alde egiten duten talentu berriak nahiz ekoizleak eta ikus-entzunezko industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da.

Antolatzaileak

Finantzaketa

Laguntzaileak