Itzuli

O corno / The Rye Horn filmak lortu du Urrezko Maskorra Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan

Jaione Camborda zuzendari donostiarraren  "O corno / The Rye Horn"  filmak (Espainia-Portugal-Belgika) irabazi du Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Urrezko Maskorra. 

Gainera, epaimahai ofizialak erabaki du zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang zuzendariei ematea, Chun xing / A Journey in Spring (Taiwan) filmagatik, eta gidoi onenaren saria, berriz, María Alchéri eta Benjamín Naishtati ematea, Puan filmagatik (Argentina-Italia-Alemania-Brasil) –biek zuzendu dute film luzea–.

Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo jaso dute Marcelo Subiottok eta Tatsuya Fujik. Lehenak Alchéren eta Naishtaten Puan filmean jokatu duen rolagatik eta bigarrenak, berriz, Kei Chika-uraren Great Absence filmean egindako lanagatik. Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra, bestalde, Hovik Keuchkerianentzat izan da, Isabel Coixeten Un amor (Espainia) filmean jokatutako rolagatik. Isabella Eklöfek zuzendutako Kalak filmak (Danimarka-Suedia-Norvegia-Finlandia-Groenlandia-Herbehereak) argazki onenaren saria jaso du (Nadim Carlsenentzat izan da), bai eta Epaimahaiaren Sari Berezia ere; izan ere, "inola ere ezagutzen ez genuen mundu batean murgiltzen gaitu. Antzezpenak harrigarriak eta enpatikoak dira, eta herrialdea eta haren gatazkak eta ezkututako edertasuna erakusten ditu egiazko zinema-artearen bidez".

Laugarren urtez jarraian, Urrezko Maskorra emakume batek lortu du. Aurretik, hauek lortu dituzte: Beginning (Dea Kulumbegashvili, 2020), Crai nou / Blue Moon (Alina Grigore, 2021) eta Los reyes del mundo / The Kings of the World (Laura Mora, 2022). Gainera, O Corno Ikusmira Berriak programatik datorren eta Sail Ofizialeko saririk garrantzitsuena irabazi duen lehen filma da. Ikusmira Berriak Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen dute elkarrekin.

Palmaresean, film luzearen debut bat dago (Chun xing / A Journey in Spring), bai eta hiru bigarren film ere (O cornoGreat Absence eta Kalak).

Sari horiek eman dituen epaimahai ofizialaren buru Claire Denis zinemagilea izan da, eta honako hauek izan dira gainerako epaimahaikideak: Fan Bingbing aktorea, Cristina Gallego ekoizlea, Brigitte Lacombe argazkilaria, Robert Lantos ekoizlea, Vicky Luengo aktorea eta Christian Petzold zuzendaria.

Galaren ondoren, Dance First James Marshen film berriaren (Erresuma Batua-Hungaria-Belgika) mundu mailako estreinaldia egin da. Gabriel Byrnerekin, Sandrine Bonnairerekin, Aidan Guillenekin, Fionn O'Shearekin eta Leonie Lojkinerekin batera etorri da Donostiara.

Claire Denis, Jaione Camborda, Andrea Vázquez eta María Zamora (Photo: Gari Garaialde)

Claire Denis, Jaione Camborda, Andrea Vázquez eta María Zamora (Photo: Gari Garaialde)

Antolatzaileak

Finantzaketa

Laguntzaileak