Raven Jacksonek, Martina Juncadellak, Alberto Martín Menachoek, Aitziber Olaskoagak eta Michael Wahrmannek euren proiektuak garatuko dituzte Ikusmira Berriak programaren bosgarren edizioan
Aurkeztutako 174 proposamenen artean, Argentina, Espainia, Estatu Batuak, Brasil eta Suitzako bost aukeratu dira. Egonaldien programa hasi zenetik zifra altuena da.
Argentina, Brasil, Espainia, Estatu Batuak eta Suitzako bost proiektu hautatu dituzte Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldi-programaren bosgarren edizioan. Hautaketa-batzordea Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko, Donostiako Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako kideek osatu dute, eta jasotako 174 proposamenen artean proiektu hauek hautatu dituzte: EAEko zinemagileen kategorian, Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke; Espainiako zuzendarien kategorian, Alberto Martín Menachonen Antier noche; nazioarteko kategorian, Michael Wahrmannen Sin dolor, eta Nest Film Students atalaren azken edizioko bi parte-hartzaileen lanak, Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt eta Martina Juncadellaren Un personaje volador.
Aurten, inoiz baino proiektu gehiago jaso direnez (aurreko edizioan baino % 12 gehiago eta lehen edizioan baino % 427 gehiago), lehen aldiz bi egonaldi egingo dira; otsailean eta irailean. Horrela, zinemagileek egonaldiari ahalik eta etekin handiena atera ahalko diote.
Egoiliarrek beren proiektuak lau astetan zehar garatuko dituzte, otsaila eta martxoa bitartean. Denbora horretan, ekoizle eta zinemagileen tailerretan parte hartuko dute, eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte. Honako aditu hauek osatuko dute batzordea 2019an: Savina Neirotti, TorinoFilmLab laborategiko eta Turineko Scuola Holden eskolako zuzendaria; Sergio Oksman, zuzendari eta gidoilari brasildarra, eta Valeska Grisebach, zinemagile alemana. Azken horrek aurten hartuko du parte lehen aldiz programan.
Martxotik irailera bitartean, zinemagileek beren proiektuetan lan egiten jarraituko dute, eta tarte horretan adituen sareko tutoretza jasoko dute. Irailean, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak betetzera. Itzulera horretan, proiektua garapen handiagoa izango du, zinemaren industriarekin partekatu ahal izateko. Azken fase horretan, merkatuaren inguruko ikaskuntza-tailer batean hartuko dute parte, eta pitching saio baterako prestatuko dira (proiektuaren aurkezpena), Zinemaldian egongo diren industriako profesionalekin bilerak adostu ditzaten.
Aitziber Olaskoaga (Bilbo, 1980) artista bisuala da. La sonrisa telefónica film ertainaren egilea da eta Faux Guide edo Al Nervión bezalako film kolektiboetan ere parte hartu izan du. Oraingo honetan, Jo ta ke lanaren bidez, Euskal Herriko nazionalismoari eta nazio-identitatearen eraikuntzari buruzko bideo-entsegua proposatzen du. Film laburraren abiapuntua Negu Gorriak taldeak 1990. urtean Herrera de la Mancha espetxearen aurrean eginiko kontzertua da. Filmaren bidez, zuzendariak zuzeneko kontakizuna egiten du bere esnaerari eta bilaketari buruz, ezker abertzalearen diskurtsoari buruzko oroitzapenak eta pentsamenduak eta aitarekin gaiari buruz izandako elkarrizketak oinarritzat hartuta irudien berrirakurketa eginez, aitarengandik jaso baitu “oinordetzan” bere militantzia politikoa.
Alberto Martín (Madril, 1986) Mi amado, las montañas lanaren egilea da, et, film horri esker, Las Palmaseko Jaialdian film labur onenari saria jaso zuen. Oraingoan, Antier noche lanaren bidez, egungo Europako hegoaldeko gazteak irudikatzen ditu. Film luze dokumental horretan, ehizaren mundua eta aplikazio mugikorrak elkarrekin gurutzatzen dira.
Michael Wahrmannek (Montevideo, 1979) bere lehen film luzea (Avanti Popolo, 2012) aurkeztu zuen Rotterdam eta Marseillako Zinemaldietan, eta, horrez gain, The Beast (2016) film laburra estreinatu zuen Canneseko Zinemagileen Hamabostaldian. Ikusmira Berriak programan, Sin dolor izeneko fikziozko film luzearen proiektua garatuko du. Lan hori Diego Lererekin batera idatzi du, eta honako hau da filmaren gaia : Diplomazialari frantses erretiratu batek eta bere emazte brasildarrak abandonatutako landetxe bat erosten dute Brasilgo ipar-ekialdeko paradisu-irla batean, eta konturatzen dira bertan Alemaniako kolonia zahar baten ondorengoak bizi direla. Egileak beldur sozialeko thriller gisa definitzen du, filmak mugei eta klase-borrokari buruzko galderak planteatzen baititu.
Raven Jackson (Tennessee) poeta, argazkilari eta zinemagileak, All Dirt Roads Taste of Salt proiektuaren bidez, memoriaren naturarenganako hurbilketa poetikoa egin nahi du, gaztetako gertakariek heldutan duten isla aztertuz. Horretarako, Mississippiko emakume baten bizitza kontatuko digu, 3 urte dituenetik 60 urte bete arte. Jacksonen Nettles film laburra Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan estreinatu zen, Nest Film Students atalean.
Martina Juncadellaren (Buenos Aires, 1992) Fiora film laburra 2017ko Donostiako Zinemaldiko Zinema Ikasleen Topaketan hautatu zuten, eta BAFICIn film labur onenaren saria jaso zuen. Oraingo honetan, Un personaje volador proiektuaren bidez, Buenos Aireseko erdiguneko Ritz hotel ospetsuan bere nobela lantzeko ahaleginetan dagoen idazlea aurkezten digu, bikotekidearengandik banandu ondoren eta amaren heriotza dela eta doluan dagoen bitartean.
Ikusmira Berriak programaren lehen edizioetan hautatutako lau proiektu amaitu eta Zinemaldian aurkeztu dira: Pablo Álvarezen El extraño, Leo Calice eta Gerhard Tremlen Calipatria eta Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrakZabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ziren 2016 eta 2017an; Xacio Bañok zuzendutako Trote film luzea ere Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu zen, Locarnoko Zinemalditik igaro ondoren. Lehen edizioko beste egoiliar batek ere, Maider Oleaga errealizadore bilbotarrak, hain zuzen, Muga deitzen da pausoa izeneko lana estreinatu berri du Gijoneko Zinemaldian.
Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta lengoaia berrien alde egiten duten talentu berriak eta ikus-entzunezko ekoiztetxe eta industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utzitako ondarearen parte da.