Ikusmira Berriak, hamarkada bat
Joan den neguan, Ikusmira Berriak programako taldekoek bideo batzuk zuzendu eta editatzeko eskatu zidaten, egonaldiaren hamargarren urteurrenaren harira. Bideo-kapsula txikiak sortzen zetzan proposamena; lanerako denboraldi horretan egonaldian parte hartutako zinemagileek garatutako oroitzapen eta harremanen ingurukoak izango lirateke bideo-kapsulok, film-egunkari gisa.
Zinemagilea eta egoiliar ohia izanik, oso pozgarria iruditu zitzaidan proposamenaren irekitasuna eta malgutasuna, baita oraindik egin gabeko filmen inguruko zalantza eta gogoeta
kolektiboen etapatik iragan ziren beste zinemagile batzuen esperientziak biltzeko ideia ere. Iruditu zitzaidan bilduma honetarako interesgarria izango zela «letra
aldatu» eta beste idazkera batekin saiatzea. Zirriborrorako lekua egotea garrantzitsua zela sentitzen nuen, egonaldian bertan bezalaxe, baina horrez ostean, gogoetarako aukera ere egon behar zuen,
egonalditik igarotzeak filmen ibilbideetan izan zuen eraginari buruz. Orduan, galdera batzuk erantzuteaz gain, zinemagile bakoitzak «autoelkarrizketa» moduko horren balizko kontraplano bat partekatu zezala proposatu nuen. Piezatik kanpo egon litekeen zerbait, despiste edo desbideratze bat, nahiago badugu.
Egunkari horiek zinemagileek erregistratzeko ideiari esker, formatu eta apunteen festa moduko opari bat dugu; bakoitzak nahiago izandako bitarteko propioarekin
filmatu zuen: mugikorra, ordenagailua, bideo-kamera, etab. Egongelan, trenaren zain, aintzira baten aurrean, beste norbaiten geletan edo maite dugun lekuetan,
etab.
Kapsulen soinu-diseinuak agerian uzten du, halaber, sormen-prozesu batzuetan despisteak eta prokrastinazioak egon ohi direla. Gogora etorri zitzaidan esperientzia frustragarri bat (agian, are dibertigarria): zinema-areto komertzial batzuetara joatea eta aldameneko aretoan ematen ari den akziozko film baten leherketak entzuten egotea.
Hala, agidanez beste asmoren batekin konposatua izan den musika bat entzuten da kapsula bakoitzean. Txakur bat zaunkaka, leihotik kanpoko zarata bat sartzen da, etab. Zinemagileek partekatutako filmen soinuak bideo bakoitzaren hasieran eta amaieran agertzen dira, formatu beretik ihes egin nahiko balute bezala. Baliteke horrek elkarrizketa «frankensteinearrak» ekarri izana, azkenean zerbait ez direnak,
baina ez al dira horrelakoak ia prozesu guztiak?
Ikusmira Berriak kolektiboki gogoratzeko eskatu izanak, nolabait, edozein proiektu edo ideiaren bazterretan biraka dabiltzan gauzez gogoratu eta hitz egitera animatzen gaitu. Nahitaez filmekin eta horien arrakastekin lotuta ez dauden oroitzapenak, otordu, oroitzapen, leku, topaketa, desadostasun, ibilaldi eta burura etortzen zaizkigun ausazko –edo ez hain ausazko– irudien inguruko solasaldiak, etab. Eta, batez ere, ulertzen saiatzeko nola jarraitzen duten film horiek zinema-jaialdietako pantailetan, emanaldietan, prentsa-oharretan, alfonbra gorrietan (glamourrak uzten badu), herri txikietan, hiri handietan, dosierretan, posta elektronikoetan, deskarga-esteketan, tokiko egunkarietako ohar txikietan, tabernetako iruzkinetan, supermerkatu-ilaretako elkarrizketetan (filmak arrakasta lortzen badu), eta abarretan. Oroitzapen horiek partekatzea prozesuak eta metodoak
azaltzeko modu eskuzabal bat ere bada, azken batean, pentsamenduak, geografiak eta komunitateak partekatzeko modua.
Espero dut zinema-alorreko prozedurei buruzko galdera, oroitzapen eta jakin-min gehiagorako tartea ahalbidetzea ariketa honek. Beharbada, Ikusmira Berriak programako topaketa, bazkari, idazkera, ibilaldi, dantza eta ideien aldi horretan (horiguztia izan zen zen, azken batean, Ikusmira Berriak, eta hala izaten jarraitzen du) euren proiektuen inguruko guztia gurekin partekatu duten zinemagileen istorio eta filmetara ere hurbilduko gaitu.
Magdalena Orellana-ren eskutik
Musikak: Julio César Martín Rodríguez