Itzuli

Ekain Albite, Rod Llaverías, Inês Nunes, Gala Hernández, Kavich Neang eta Valeria Hofmannek garatuko dituzte beren zinema-proiektuak Ikusmira Berriaken hamabigarren edizioan

Donostia Zinemaldiaren, Tabakaleraren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren egonaldi-programak izen-emateen marka gainditu du berriro, 488 proposamen jaso baitira

Bero itogarria, agian hondamendi klimatikoaren seinale argi gisa, emakumeen gorputzak, familia-egituren esplorazioa, iragan industriala eta unibertso digitala ageri dira Ikusmira Berriaken hamabigarren edizioan aukeratutako proposamenetan. Lanei forma aukera aberatsetik heldu zaie, eta generoak berrinterpretatu dituzte, hala nola  beldurrezko gotikoa, road movie, drama psikologikoa edo body horror delakoa. Ekain Albite, Rod Llaverías, Inês Nunes, Gala Hernández López, Kavich Neang eta Valeria Hofmannen proiektuak hautatu dira Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak bultzatutako egonaldietan. Programak izen-emateen marka hautsi du berriro, 488 zinema-proiektu jaso baitira. Aukeratutako sei proiektuen artean, bost opera primak dira, eta bat bigarren filma. Horrek berresten du Ikusmira Berriakek ikus-entzunezko ahots eta begirada berrien alde egiten duela.

Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian, EQZEko ikasleek parte hartzen dute. Edizio honetan, The Spirit Healer is Away for the Weekendlana aukeratu dute, Inês Nunesena (Tavira, 1993). Zuzendari portugaldarraren film labur berriena, A solidão dos lagartos / The Loneliness of Lizards (2025), Canneseko zinema jaialdiko Film Laburren Sail Ofizialean estreinatu zen, eta Donostia Zinemaldiko Nest sailean aukeratua izan zen; hain zuzen, azken horretan film labur onenaren Movistar Plus + saria eskuratu zuen. Lana bi emakumeri buruzkoa da, eta beroak eta turismoak setiatutako Lisboan merkataritza-zentro batean babesten dira. “Leku horiek –zinemagilearen hitzetan– kontsolamendua eta kide izatearen sentimena ematen dute, baina, aldi berean, gure antsietate sakonenak kapitalizatzen dituzten tranpen antzerakoak dira”.

Nest kategorian, Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketako azken bost edizioetan (2020-2024) aukeratutako zinemagileek parte hartu dezakete, eta edizio honetan La Canícula lana aukeratu da, Rod Llaverías zinemagile (New York, 1989). Llaveríasek Darling film laburra idatzi zuen beste batekin batera, eta Veneziako zinema jaialdiko (2019) film labur onenaren Orizzonti saria eskuratu zuen. Llaveríasen lehenengo film luzeak Tropicalía film laburra garatzen du, 2022an Nest sailean parte hartu zuena, eta, Dominikar hiriburuko familia etxe goibelean bizi diren lau emakumeren bitartez, zaintza, dolua, traumak eta nortasuna aztertzen ditu.

Euskal kategorian aukeratutako proiektua Akira da, Ekain Albiterena (Zumaia, 1999). Albite Negu hurbilak (2023) film kolektiboaren zuzendarikidea da. Hain zuzen, film horrek aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema jaialdiko Cineasti del Presente sailean. Albite, EQZEko ikasle ohia da, eta bere banakako lehen film luzerako gauean igarotzen den road movie espektral bat proposatzen du. Bi txatar-biltzaile georgiar dira protagonistak, Lemoizeko zentral nuklearretik beren jaioterrira bidaiatzen dutenak.

Espainiako kategorian, Los animales magnéticos proposamenaren alde egin da, Gala Hernández Lópezena (Murtzia, 1993). Artista, zinemagile eta ikertzaile honen La Mécanique des fluides lanari film labur dokumental onenaren César saria eman zioten 2024an. Zinemagileak misteriotsuki lotutako bi emakumeren istorioa kontatzen du: Berlin garaikideko zientzialari bat eta XVIII. mendearen amaierako aristokrata frantziar bat, amatasuna kudeatzen ari direnak; beldurrezko fikzio gotikoa da, eta doble femeninoaren ideia lantzen du.

Nazioarteko kategorian bi proiektu aukeratu dira. Valeria Hofmann zuzendari eta gidoilari txiletarrak (Santiago de Chile, 1988), Daemon lanean, body-techno horror delakoaren bitartez, sistema teknologikoaren ertzetan bizi diren bi pertsonaren istorioa lantzen du: edukien moderatzaile bat eta telefono mugikorrak ekoizten dituen fabrikako langile bat. Hofmannen AliEN0089 film laburrak jada esploratzen zuen habitat teknologikoa, eta nazioarteko zuzendaritza onenaren saria irabazi zuen Sundance zinema jaialdian (2023), bai eta Grand Prix Labo saria ere Clermont Ferrandeko zinema jaialdian (2024).

Azkenik, Kavich Neang zuzendari kanbodiarrak (Phnom Penh, 1987), Veneziako zinema jaialdian (2021) White Building estreinatu ondoren, non aktore onenaren Orizzonti saria jaso zuen, Chas Khouch Kmeng Ropus / Bad Man Good Boy bere bigarren film luzearen proiektuan, bi lagunen coming of age delakoa marraztu du, eta familiari eta testuinguru autoritarioari buruzko gogoeta ere egiten du.

Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, bi alditan banatuta. Sei zinemagilek osatutako taldea martxoaren 9an iritsiko da Tabakalerara, eta apirilaren 19ra arte izango dute bertako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian beren proiektua garatzeko aukera. Denbora horretan, proiektu bakoitzerako exprofeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, bakoitzaren premietan oinarrituta. Ekainean, egoiliar bakoitzak bere egitasmoa garatzeko laguntza ekonomiko bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiaren azken bi asteak igarotzeko. Fase horretan, beren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.

Ikusmira Berriak programaren hamaika urte zifratan

  • Proiektuak: 56
  • Amaitutako filmak: 28
  • Sariak: 57
  • Jaialdietako parte-hartzeak: 353
  • Estreinatutako azken filmak: 5 film 2025ean

La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo, Diego Céspedes (2025); Anoche conquisté Tebas / Last Night I Conquered the City of Tebas, Gabriel Azorín (2025); Hiedra / The Ivy, Ana Cristina Barragán (2025); Estrany Riu / Strange River, Jaume Claret (2025); Aro berria, Irati Gorostidi (2025).

Hautatutako proiektuak

EQZE Kategoria

The Spirit Healer is Away for the Weekend

Inês Nunes

Uda bakoitzean, kostaldeko herri bateko biztanleek espero den erritu bat ikusten dute: luxuzko autoak abiadura handian ibiltzen dira egunsentian, urteko ekonomiaren pultsua neurtuz. Beroak eta saturazioak merkataritza-guneko aterpe klimatizatura bultzatzen dituzte lokalak. Barruan, bi emakume: Sharon, alabaren mamuak jazarrita, eta Celeste, auto istripu larri batek markatutako neska gaztea, elkar bilatzen. Janari-plazen, eskailera mekanikoen eta ispiluen artean, elkarguneak eta desadostasunak gertatzen dira. Merkataritza-gunea etendako lurralde bihurtzen da, non bizitzaren eta heriotzaren arteko muga desegin egiten den.

Informazio gehiago

Nest Kategoria

La Canícula

Rod Llaverías

La canícula udako egunik beroenetan gertatzen da, eta dena zapaltzaile eta itogarri bihurtzen da. Dominikar Errepublikako hiriburuko etxe batean konfinatuta dagoen familia baten istorioa kontatzen du filmak. Cirok, gizon gay erreprimituak, bere bizitza, bere ahizpa Doloresen laguntzarekin, bere etxeko adineko emakumeak zaintzen eman du. Amona hil eta hurrengo egunetan, Zyrok aurre egin beharko dio patioko gorpuaren ehorzketari, kanpoan den izeba baten itzulerari eta Facundo kanpotar gatibuaren etorrerari. Gertaera hauek etxeko errutina hausten dute eta Zirorengan desira luze bat pizten dute.

Informazio gehiago

Euskal Kategoria

Akira

Ekain Albite

Vakhtang, euskal kostaldean abandonatutako ontzien artean bizi den txatarrero georgiar batek, bere lehengusu Giorgiren ustekabeko bisita jasoko du. Lemoizko zentral nuklear itxian elkarrekin sartu ondoren, indar arraro batek dena utzi eta gau amaigabe batean aurrera egitera bultzatzen ditu. Furgoneta batean, neguko paisaiak eta zalantzazko mugak gurutzatzen dituzte; bidaia, berriz, beren historiatik ateratzen da, eta lurralde ezezagun batera bideratzen da, non beste bizitza batzuk agertzen hasten diren.

Informazio gehiago

Espainiar Kategoria

Los animales magnéticos

Gala Hernández

Berlin, etorkizun hurbila. Hedda iritsi berria da saguzarren portaeraren fenomeno bitxi bat aztertzeko. Laster amesgaiztoek eta ezinezko haurdunaldi baten sintomek setiatuko dute. Bi mende baino gehiago lehenago, XVIII. mendean, Berthe aristokrata frantziarrak jaiotza-marka bera du lepoan. Ugalketa-nahasmenduak sendatzea bilatzen duten mediku mesmeristek egindako esperimentuak egiten ditu. Nondik dator partekatzen duten beldur hori, barruan daramaten bizitzak irentsiak izateko beldurra?

Informazio gehiago

Nazioarteko Kategoria

Chas Khouch Kmeng Ropus / Bad man Good boy 

Kavich Neang

Phnom Penh-en, Sinounek bere senarra eramaten du ospitalera, erdi-paralizatuta, garuneko isuri bat izan ondoren, beldurrari, mediku-fakturei eta Tola seme zaharrenaren itzulerari aurre eginez. Haien seme gazteena, Arun, laster elkartzen zaie, eta horrek areagotu egiten du familiaren tentsioa. Aita egonkortu ahala, bizitzak okerrera egiten du: Tolak zailtasunak ditu eskolan eta aitaren tailerrean, Arunek eskola-jazarpena jasaten du, eta Sinounek bere senarraren desleialtasuna deskubritzen du, eta horrek dibortziatzera eramaten du. Hilabete batzuk geroago, Tolak Kampoten egiten du lan eta etxera itzultzea saihesten du. Hirian bueltan, Sinounek eta Arunek lapurretari, ustelkeriari eta apartamentuaren galerari aurre egin behar diete. Zailtasunen bitartez, anai-arrebak gehiago hurbiltzen dira eta etorkizun zalantzagarriari aurre egiten diote.

Informazio gehiago

Nazioarteko Kategoria

Daemon

Valeria Hoffman

Suteek suntsitutako hiri batean, Liz, edukien moderatzaile bakartia, bere maitale birtuala bere ordenagailuan harrapatutako izakia dela konturatuko da. Errealitatearen eta digitalaren arteko mugak desitxuratu ahala, Liz gorputz fisiko bat ematearekin obsesionatzen da, odolez elikatutako bioinprimagailu baten bidez, prozesuan gizatasuna arriskuan jarriz.

Informazio gehiago

Antolatzaileak

Finantzaketa

Laguntzaileak