Ikusmira Berriak egonaldi-programak laugarren ediziorako proiektuen izena emateko epea ireki du
Egonaldiak egiteko eta ikus-entzunezko proiektuak lantzeko Ikusmira Berriak programak bere laugarren edizioaren deialdia ireki du gaur, otsailaren 5ean.
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren azken bost edizioetako parte-hartzaileek, Euskal Autonomia Erkidegoko zinemagileek, Espainiako gainerako lurraldeetako zinemagileek eta atzerriko zuzendariek beren proiektuen izena eman dezakete, bakoitzak dagokion kategorian, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin, sustatzen duten programan.
Programa honek sei asteko egonaldia eskaintzen du, eta iaz % 320 handitu zen jasotako proposamenen kopurua. Lehenengo lau asteetan, errealizadoreek Tabakalerako Sortzaileen gunean garatzen dituzte beren proiektuak, hainbat profesionalen eskutik aholkuak eta tailerrak jasotzen dituzten bitartean; esate baterako, hauen eskutik: Sergio Oksman, John Paul Sniadecki, Oskar Alegría eta Andrés Di Tella; Ada Solomon, Fernanda del Nido edo Koldo Zuazua ekoizleenetik edo Paz Lázaro (Berlinale) eta Carlo Chatrian (Locarnoko zinema-jaialdia) programatzaileen aldetik. Egonaldiaren bosgarren astean pitching saioa prestatzen dute; hau da, egonaldiaren seigarren eta azken astean, Donostia Zinemaldiaren esparruan, proiektua industriako profesionalei aurkezteko saioa. Egoiliarrek beren proiektuetan elkarlanean aritzeko interesa duten profesionalekin hitzorduak ezartzeko aukera izango dute, eta, gainera, Zinemaldiko emanaldietara eta industria-jardueretara joateko akreditazioa izango dute.
"Hiru edizioren ondoren Ikusmira Berriak programa egonkortu eta erreferentzia bilakatu da. Horren adibide argiena aurreko edizioetan hautatutako lanak dira. Sortzaileen Gunean egoiliar gisa hartu genituen proiektu batzuk, heltze prozesuan lagundu genituenak, amaituta daude jada eta hainbat lekutan aurkeztu dira dagoeneko", azaldu du Tabakalerako kultura zuzendari Ane Rodríguez Armendarizek.
Ikusmira Berriak programako lehen hiru edizioetan aukeratutako hiru proiektu amaituta daude jada, eta Zinemaldian eman ziren aurkeztera: Pablo Álvarezen El extraño, Leo Calice eta Gerhard Tremlen Calipatria eta Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrak 2016ko eta 2017ko Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu ziren. Aurten, lehen edizioko bi film luzeren estreinaldia aurreikusi dute: Trote, Xacio Bañok zuzendua, eta Muga deitzen da Pausoa, Maider Oleagarena, biak ala biak postprodukzio-fasean daude jadanik.
Gainera, Tándem Entertainment eta Lastor Media ekoiztetxeek Mikel Gurrearen Suro ekoitziko dute. Proiektu hori Bartzelonako L’Alternativa del Festival de Cinema Independent jaialdiko profesionalen jardunaldietarako, MEDIA Cataluñaren Sources2 lantegirako eta Sam Spiegel Film Lab-erako hautatua izan da; uztailera arte azken horrekin jarraituko du garapen-lanetan. Kiro Russoren Loba proiektuak Mar del Platako zinema-jaialdiko LoboLABen lehen saria irabazi zuen, hau da, Argentinako 100.000 peso (6.000 euro). Aitor eta Amaia Merinoren Fantasía-k Doxa Producciones etxearen babesa du, eta International Documentary Film Festival Amsterdam jaialdian aurkeztu zen.
Azken edizioko proiektuei dagokienez, Eles Transportan a Morte, Samuel M. Delgado eta Helena Girónena, Filmika Galaika eta El Viaje Films ekoiztetxeek ekoitziko dute elkarrekin; Julia Pesce Águila de Papel proiektua garatzeko lanetan ari da; Leonardo van Dijl zuzendariaren Stephanie filmak De Wereldvrede ekoiztetxearen babesa jaso du (Cargo, Zuzendari Berriak, Donostia Zinemaldia, 2017); eta Maider Fernández Iriarteren Las letras de Jordi proiektuak, REC Grabaketa Estudioaren postprodukzio-saria jaso, eta Sr. y Sra. etxeak ekoitziko du.
«Ikusmira Berriak programako proiektuak interes handia pizten hasi dira nazioarteko zinema-jaialdi garrantzitsuenetan. Aurten, nazioarteko ibilaldiari ekingo diote Xacio Baño eta Maider Oleagaren film luzeek», azpimarratu du Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek.
Ikusmira Berriak programa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da, eta 20.000 euroko diru-laguntza ematen du aukeratutako proiektuen artean banatzeko. Era berean, REC Grabaketa Estudioak bere zerbitzuak eskaintzen ditu sari gisa, film labur baten postprodukziorako (10.500 euroan balioztatua) eta film luze baten postprodukziorako (35.000 euroan balioztatua).
Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 5ean bukatuko da. Egonaldien betekizunak eta baldintzak programaren web orrian zehaztuta daude (www.ikusmiraberriak.eu). Ekainean jakinaraziko da zein diren aukeratutako lau proiektuak.