Ikusmira Berriak programak eredua aldatu du eta egonaldi bikoitzekoa bihurtuko da
Formula berri horrekin bosgarren edizioan parte hartzeko deialdia uztailaren 9an irekiko da, astelehenean.
Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen duten Ikusmira Berriak egonaldietarako eta ikus-entzunezko proiektuen garapenerako programak eredua aldatuko du bosgarren deialdi honetan. Helburua da errealizadoreek egonaldiari ahalik eta etekin handiena ateratzea. Horretarako, bi egonaldi egingo dira, otsailean eta irailean.
Egoiliarrek beren proiektuak lau astetan, otsaila eta martxoa bitartean, garatuko dituzte. Denbora horretan, ekoizle eta zinemagileen tailerretan parte hartuko dute eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte. Batzorde Savina Neirotti, Sergio Oksman eta Valeska Grisebach-ek osatuko dute 2019an.
Martxotik irailera, zinemagileek beren proiektuan lan egiten jarraituko dute, eta tarte horretan adituen online tutoretza jasoko dute. Irailean, berriz, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak osatzera. Itzulera horretan, proiektua garatuago ekarriko dute, zinemaren industriarekin partekatu ahal izateko. Azken fase horretan, merkatuaren inguruko ikaskuntza-tailer bat prestatuko zaie, eta pitching saio baterako prestatuko dira (proiektuaren aurkezpena), Zinemaldian egongo diren industriako profesionalekin bilerak adostu ditzaten.
Ikusmira Berriak programaren bosgarren edizioa formula berria baliatuz gauzatuko da, eta bertan parte hartzeko deialdia uztailaren 9an ireki eta abuztuaren 31n amaituko da. Urrian jakingo da zein proiektu aukeratu diren.
Bestalde, laugarren edizioko bost egoiliarrek (Manuel Abramovich, Nele Wohlatz, Elena López Riera, Arantza Santesteban eta Grigory Kolomytsev) abuztuaren 20an ekingo diote egonaldiari.
Ikusmira Berriak programako lehen edizioetan aukeratutako hiru proiektu amaitu dira eta Zinemaldian egon dira ikusgai: Pablo Álvarezen El extraño, Leo Caliceren eta Gerhard Tremlen Calipatria eta Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ziren 2016an eta 2017an. Aurten, programako lehen film luze amaitua estreinatuko da: Trote, Xacio Bañok zuzendua (lehen edizioko egoiliarra).
Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta lengoaia berrien alde egiten duten talentu berriak eta ikus-entzunezko ekoiztetxe eta industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utzitako ondarearen parte da.
HAUTAKETA BATZORDEKO KIDEEN BIOGRAFIAK
VALESKA GRISEBACH
VALESKA GRISEBACHek Berlin, Munich eta Vienan ikasi zituen filosofia eta alemaniarra. 1993 urtean zuzendaritza ikasteari ekin zion Vienako Zinema Akademian Peter Patzak, Wolfgang Glück eta Michael Hanekerekin. Mein Stern, bere kurtso amaierako pelikulak, Torontoko Zinemaldian jaso zuen Kritikaren Sari Nagusia eta Turingo Zinemaldiko Sari Nagusia.
SAVINA NEIROTTI
Genovan jaioa, Filosofian graduatu zen eta ondoren Estetika Masterreko lehen urtea burutu zuen Pennsylvaniako Unibertsitatean. Italiara bueltatzean, Orchestra Sinfonica Nazionale della RAI-ko Prentsa eta Komunikazio Bulegoko buru izendatu zuten, eta Hezkuntza Sailaz ere arduratu zen han. Urte haietan, halaber, Scuola Holden fundatu zuen Turinen Alessandro Bariccorekin batera. Duela gutxi, Scuola Holdeneko zuzendari exekutibo izendatu dute. Azken hamar urteetan, narrazioari eta musika klasikoari buruzko artikulu eta elkarrizketak eta liburuen nahiz pelikulen kritikak idatzi ditu hala Italiako nola nazioarteko egunkarietarako. Script&Pitch tailerrak sortu eta zuzendu ditu 2005az geroztik, eta TorinoFilmLab 2008tik –beren lehen eta bigarren filmak grabatzen ari diren talentu berriei prestakuntzaren, garapenaren eta finantzaketaren bidez laguntzen dien nazioarteko laborategia–. Horrez gain, Biennale College – Cinemako eta Biennale College Cinema Virtual Realityko programaren zuzendaria da. Neirotti Zabaltegi-Tabakalera sariketako epaimahaikide izan zen Donostia Zinemaldiko azken edizioan.
SERGIO OKSMAN
SERGIO OKSMAN brasildarra Madrilen bizi da orain dela hogei urtetik, eta errealizadorea eta ECAMeko irakaslea da. Dokumentalak egiten aritu da orain arte, eta Elías Querejetak haren obretako sei ekoitzi ditu. Honako film hauek zuzendu ditu, besteak beste: A Esteticista (2004), Goodbye, America (2006), Notes on the other (2009), A story for the Modlins (2012) eta O Futebol (2015).