Maria Elorza, Marieke Elzerman, Felipe Gálvez, Lucy Kerr, Mikele Landa eta Cande Lázaro zinemagileek haien lehenengo eta bigarren film luzeak garatuko dituzte Ikusmira Berriak programaren barruan
Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen duten egoitza programak nazioartean sendotzea lortu duen une honetan ospatuko du hamargarren edizioa, ‘O Corno’ filmak eskuratutako Urrezko Maskorraren eta ‘Creatura’ filmak Quinzaine des Cinéastes sailean jasotako sariaren ondoren
Bi emakume zinemagile euskaldun hautatu izana emakume zuzendarien belaunaldi baten aldeko apustu kontzientea da
Maria Elorza, Marieke Elzerman, Felipe Gálvez, Lucy Kerr, Mikele Landa eta Cande Lázaro egileen proiektu zinematografikoak hautatu dituzte 2024ko Ikusmira Berriak programaren hamargarren edizioan inskribatutako 362 proiektuen artetik. Donostia Zinemaldiak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten ikus entzunezko proiektuen egoitza eta garapen programan izena eman duten guztien artean, EQZE eskolako ikasleak 13 dira, 18 Nest ataleko parte hartzaileak, Euskal Herriko zinemagileak 27 dira (EAEko, Nafarroako edo Iparraldekoak, haien proiektua gehienbat euskaraz sortu badute edo haren esparrua edo gaia euskal komunitatea bada), 100 Espainiakoak eta 204 dira nazioarteko kategoriakoak.
Maria Elorza, Felipe Gálvez eta Lucy Kerr egileek haiek bigarren film luzea egingo dute, bakoitzak bere lanekin Donostia, Cannes eta Locarnoko zinema-jaialdietan debutatu eta arrakasta izan ondoren; Marieke Elzermanek, Mikele Landak eta Cande Lázarok, berriz, haien lehen film luzeak landuko dituzte, film laburren arloan ibilbide oparoa egin ondoren. Hauexek dira Tabakalera, EQZE eta Donostia Zinemaldiko ordezkariz osatutako Ikusmira Berriak programako hautespen batzordeak aukeratutako sei tituluak:
- EQZE KATEGORIA: Wash Over, Marieke Elzerman (Herbehereak)
- NEST KATEGORIA: The Bow, Lucy Kerr (AEB)
- EUSKAL KATEGORIA: Caro Bastiano, Maria Elorza (Gasteiz)
- EUSKAL KATEGORIA: Senda, Mikele Landa (Bilbo)
- ESPAINIAR KATEGORIA: La Pastora / The Shepherdness, Cande Lázaro (Badajoz, Espainia)
- NAZIOARTEKO KATEGORIA: Impunidad / Impunity, Felipe Gálvez (Txile)
Ikusmira Berriak programaren historian lehen aldiz, Euskal Herriko bi proiektu hautatu dira deialdi berean, Tabakalera belaunaldiko euskal emakume sortzaileak bizi izaten ari diren une bikaina eta, batez ere, bi zuzendarien ibilbidea aintzat hartuta. Maria Elorza (Gasteiz, 1988) Ancora Lucciole / Still Fireflies (2018) eta Quebrantos / Breaches (2020) saritutako film laburren egileak Donostia Zinemaldiko New Directors sailean aurkeztu zuen bere film luzeen munduko bere debuta, A las mujeres y a los libros canto / To Books and Women I Sing filmarekin, eta Gazteriaren TCM Saria eta Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia jaso zituen; eta hori zinema-jaialdietan zeharreko ibilbidearen hasiera besterik ez zen izan, orain dela gutxi primeran amaitu dena, Porto /Post /Doc zinema-jaialdian eskuratutako sariarekin.
Mikele Landa (Bilbo, 1995), berriz, EQZE eskolako ikasle ohia da eta zuzendari onenaren saria jaso zuen Euskal Zine Bileran Heldu bere lehen film laburrarekin. Nest atalerako hautatu zuten 2022an Noizko basoa / When Does a Forest Begin film laburrarekin eta Zinebi eta Punto de Vista zinema-jaialdietan ere hartu zuen parte. Egoitzan garatuko duen Senda proiektua, bere lehendabiziko film luzea izango dena, Noka Mentoring eta Elkarrekin Sortzen programetatik ere igaro da.
Elia Querejeta Zine Eskolaren kategorian eskola horretako ikasleek eta ikasle ohiek dute parte hartzeko aukera eta Wash Over hautatu dute, Marieke Elzerman nederlandar zinemagilearen lehenengo film luzea. Rotterdameko zinema-jaialdian aurkeztu zuen iaz bere lehenengo lana, La voz rosa / The Pink Voice.
Nest kategorian, berriz, Zinemaldiaren zinema-ikasleen film laburren lehiaketaren azkeneko bost edizioetan (2018-2022) hautatutako zinemagileek har dezakete parte, eta Lucy Kerr estatubatuarraren (Houston, Texas, 1990) The Bow filmaren aldeko apustua egin dute aurtengo edizioan. Crashing Waves film laburrarekin hartu zuen parte Nest atalean, eta Family Portrait bere lehenengo film luzeak zuzendari onenaren Boccalino d’Oro saria jaso du Locarnoko zinema-jaialdian, baita beste hainbat sari ere.
Espainiako lanen kategorian, bestalde, Cande Lázaro (Badajoz, 1997) artista bisual eta zinemagilearen proiektua hautatu dute; hainbat zinema-jaialditan saritu dute Mar(i)cona bere film laburra. La Pastora film ez binarioa da. Florenci Pla pertsonaia berreskuratzen du lan horretan, Maestrazgomendilerroko maki intersexual bat, eta generoaren konplexutasunari buruz hitz egiteko espazio bat ezartzen du.
Felipe Gálvez (Txileko Santiago), berriz, Cannesko zinema-jaialdiaren azkeneko edizioan hautatu zuten Un Certain Regard atalean, Los colonos / The Settlers bere lehenengo lanarekin, eta Fipresci Saria jaso zuen; gainera, Horizontes Latinos atalean hartu zuen parte eta Oscar sarietako ingelesezkoa ez den filmik onenaren sarirako izendatzeko hautatu du Txilek.
Zortzi astekoa izango da egoitza, bi egonalditan banatuta. Martxoaren 4an iritsiko dira zinemagileak Tabakalerara, eta apirilaren 14ra arte izango dute haien proiektuak garatzen lan egiteko aukera, Artisten Espazioan. Denbora horretan, proiektu bakoitzerako haien beharren arabera propio hautatutako aditu eta profesionalen batzordeko kideen aholkularitza izango dute. Ekainean, bi egonaldien artean proiektua garatzen jarraitzeko laguntza bat jasoko du egoiliar bakoitzak. Irailean, Zinemaldia ospatzen den egunetan, Donostiara itzuliko dira, egonaldiaren azkeneko bi asteak osatzeko. Fase horretan, industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete proiektua, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute, haien proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin egoteko.
Urrezko Maskorra, saria Quinzaine des cinéastes sailean eta 2024rako aurreikuspenak
Ikusmira Berriak programa sendotzen ari da nazioartean: 2022an, Elena López Rieraren El agua / The Water lana hautatu ondoren, Quinzaine des Cinéastas sailak Elena Martín zuzendariaren Creatura programatu du 2023an, Europa Cinemas Label saria jaso duen filma. Iaz, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatzen diren Ikusmira Berriak programako lehenengo zinemagileak izan ziren Manuel Abramovich eta Mikel Gurrea, eta argazki onenaren saria eman zien Epaimahaiak; Euskal Zinemaren Irizar Saria eta FIPRESCI Saria ere jaso zituzten, hurrenez hurren. 2023an, berriz, Raven Jackson zuzendariaren All Dirt Roads Taste of Salt filma lehiatu da; Sundance zinema-jaialdian estreinatu ondoren, Signis Saria jaso zuen RTVE-Otra Mirada Sarietako aipamen berezia. Jaione Cambordaren O Corno / The Rye Horne filmak ere Claire Denis buru zuen epaimahaiaren Urrezko Maskorra jaso zuen.
2015ean lehenengo edizioa egin zenetik, Ikusmira Berriak programak ikus entzunezko 44 proiektu garatzen lagundu du; horietatik 20 estreinatu eta aurkeztu dira nazioarteko zinema-jaialdietan, hamabik jaso dituzte sariak, eta gainerakoak garapen fasean daude. Nele Wohlatzen (Ikusmira Berriak 2018) Dormen os peixes de olhos abertos? / Do Fish Sleep Withe Their Eyes Open? postprodukzioko fasean dago, eta 2024an ondorengo filmak errodatzea aurreikusten da: Diego Cespedesen (Ikusmira Berriak 2020) La misteriosa mirada del flamenco / Tha Mysterious Gaze of the Flamingo), Edurdo Cresporen (Ikusmira Berriak 2021) La gruta del viento / The Wind’s Cave eta Irati Gorostidiren (Ikusmira Berriak 2022) Anekumen.
MARIA ELORZA (ESPAINIA)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Hamburg, 1945: neska gazte alemaniar bat eta atzerritar zargaldu bat suntsitutako hirian elkartzen dira ezkutuka, parkeen eta burdin sarez inguratutako barrakoien artean.
Donostia, 2022: familia batek etxean aurkitu duten amodiozko gutun bat ikertu eta haren inguruan espekulatzen du. II. Mundu Gerraren garaikoa da, Edith izeneko emakumezko alemaniar batek sinatuta dago, eta zuzendariaren aitonari zuzentzen zaio; bi urtez egon zen preso aitona nazien bortxazko lanen esparru batean. Bitartean, txolarreak hirian hegaldatzen ari dira.
Zuzendariaren asmoa da familiaren historiako elementu bat arakatzea, bide bikoitzetik:alde batetik, fikziozko zinemaren tresnak erabilita, memoria ameskeria gisa ulertuta; bestetik, fikzioa ez denaren bideetan barneratuz, zinema ikerkuntzako eta esperimentazioko bide gisa tratatuz. Idatzizko agiri bat da diptiko modura planteatzen den kontaketa honen ardatza, amodiozko gutun bat Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, zeinetan batu egiten baitira alderdi pertsonalak, politikoak, historikoak eta afektiboak.
Maria Elorza, zuzendaria
IMPUNIDAD / IMPUNITY
FELIPE GÁLVEZ HABERLE (TXILE)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina
1998ko urrian, Augusto Pinochet diktadorea atxilotu zuten Londresen. Epaiketa egin bitartean, makina bat azpijoko eta azpikeria azaleratu ziren, tartean zirela Ingalaterrako gortea, nazioarteko inteligentzia zerbitzuak eta muturreko aldeak. Pinocheten fanatikoek ahal zuten guztia egin zuten hura askatzeko ‘arrazoiaren izenean edo indarrez’, eta erloju kontrako lasterketa bati ekin zionen, lapurretak, espioitza eta bahiketak barne.
"XX. mendeko historia idazteko saiakera bat aztertzen du ‘Impunidad’ filmak, beren interesetan oinarritutako eredu ekonomikoa defendatu zutenak babestu zituztenen saiakera. Thriller politikoa, komedia beltza eta espioien zinema uztartuz, justizia egiteko ezintasunari buruz hausnartu nahi du filmak, ez herri baten erabakiaren ikuspegitik, baizik eta ahal den moduan statu quo-a mantentzen saiatzen den sistema baten borondate hautsiezinaren ikuspegitik''.
Felipe Gálvez, zuzendaria
LA PASTORA / THE SHEPHERDNESS (ARTZAINA)
CANDE LÁZARO CIENFUEGOS (ESPAINIA)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Denborak batu dituen bi pertsona. Gorputz bakarrean hezurmamitutako binomioa.
Iraganaren-orainaren eta landakoaren-hirikoaren arteko zuzeneko elkarrizketa estu bat hasita, film ez binario honek hainbat gai jartzen ditu mahaigainean, hala nola identitateren osaera, besteen begirada eta dikotomikoa dena, kontzeptu handi horiekin alderatuta oso bestelako helburu nagusia duen binomio baten bitartez. Berak lasai egotea baino ez du nahi eta mendian egoten da lasai, bere ardiekin.
"Florenci ezagutzea zahartzarora irits nintekeela imajinatzearen parekoa izan zen niretzat. Imajinario berri horiek sortzeaz hitz egiten du, hain zuzen ere, 'La Pastora' filmak. Bion esperientzia pertsonalen bitartez, 'La Pastora' filmak sexu-genero, genero zinematografikoaren, denboraren eta espazioaren sistema dikotomikoetan lurrikara bat eragin nahi du, diskurtso eta hizkuntza tradizionalez fidatu gabe. Horren gai konplexuak jorratzen dituen arren, filmak ez du pertsonaien bizipenak intelektualizatzerik bilatzen. Funtsean, besterik gabe izan ahal izateko espazio seguru bat aldarrikatzen du 'La Pastora'-k. Besterik gabe".
Cande Lázaro, zuzendaria
SENDA
MIKELE LANDA EIGUREN (ESPAINIA)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Espaloirik gabeko bide batean hiru mundu sartzen dira. Hor daude Bakary, Oihana eta Agustina, elkarri begira. Bataren esperientziak bestearen egia gezurtatzen du; baina elkarrengana hurbiltzea erabaki dute eta sendabide bat aurkitzera doaz. Horrela, bestearen belarrietatik begiratzen eta larruazaletik entzuten ikasiko dute. Asfalto hezearen usaina, ur bazterrean hazten diren belarrak, hortzoietako zauriak, antzinako abestiak, pikuak, izerdia, ihintza eta isiltasunak izango dira gaixotasuna sendatzea lortuko duen ukenduaren osagaiak.
"'Senda' filmaren hazia elkarren aurkako bizipenetatik, oroitzapenetatik eta koadernotan pilatutako oharretatik abiatzen da. 2019an bidaiatu nuen lehen aldiz Afrikara, lan kontuengatik. Malik nik ezinezkotzat jotzen ditudan gertakizunen ondorio materialak erakutsi zizkidan. Harrezkero, hausnartu eta gogor atxikitzen natzaio ideia bati: norbere egiak aurrez aurre egin dezake topo beste baten aurkako egiarekin. Kontraesankorrak diren arren, egiatako batek ere ezin du esan bestea existitzen ez denik. Horregatik bilatzen ditut argiak eta iluntasuna, eta haietan hartzen dut babesa, zinemaren bitartez, non humanoaren, magikoaren eta naturalaren arteko mugak lausotzen diren. Film hau eskuetan hartu eta moldatu egiten dut, Oihanak, Agustinak eta Bakaryk batak bestea eraldatzeko behar beste ausardia eta zaurgarritasuna har dezaten, izateari utzi gabe".
Mikele Landa, zuzendaria
THE BOW / THE BOW (ARKUA)
LUCY KERR (AEB)
Ekoizpeneko herrialdea(k): AEB
2004. urtean girotua dago The Bow, eta Angelaren berri ematen digu, Houstongo goi-mailako gizartean debutante gisa aurkeztear dagoen gaztearen berri. Angela unibertsitateko ermandade bateko kide da, eta eskolak, festak eta Adderall botikarekiko gero eta mendekotasun handiagoa uztartzen ditu. Futbol partida batean, sarrera baten ondorioz jokalari bat ezinduta geratu da eta Angelari liluramendu desegoki bat sortzen zaio jokalari horren sufrimenduarekiko. Angela entseguak eta prestaketa lanak egiten hasi da debutanteen festarako eta, egun handia iritsi denean, azalpenik gabeko indar baten bideratzaile bihurtu da.
'The Bow filmaren oinarria gorputzen antolamendua da, esparruaren barruan, betiere gorputzaren eta estatus sozialaren gaineko kontrola izan nahian. Gai hori erritual sozialetan adierazten da, hala nola ermandadeen ekitaldietan, debutanteen entseguetan eta kirol ekitaldietan, kontrolaren eta zaurgarritasunaren arteko oszilazioa sortuz eta, azken batean, urrakortasun ikaragarria eraginez. Deabruak gorputza hartzeari buruzko ideia konbentzionaletan ongiaren eta gaizkiaren arteko gatazka iradokitzen den arren, ikusmolde folklorikoan jatorri bihurriagoa proposatzen da: geure psikearen barru-barruko sakontasuna".
Lucy Kerr, zuzendaria
WASH OVER
MARIEKE ELZERMAN (HERBEHEREAK)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Herbehereak
Josephine pertsona oso independentea da eta Espainiako Pirinioetan berriro ugatza sartzen dihardu. Bere grinak bultzatuta, sai bat erreskatatzen saiatu da eta arriskuan jarri du dena, erakundea eta bere burua; erorikoa izan eta hanka apurtu du. Erakundetik erretiratuta, gogo txarrez itzuli da sorterrira, Holandako uharte txiki batera. Bananduta egon arren, gurasoek elkarri lotuta jarraitzen dute mendekotasun harreman batean, eta errealitate hori mespretxatu egiten du Josephinek. Uhartean lagun zaharrak eta berriak aurkituko ditu Josephinek, eta horrek kolokan jarriko ditu bere pertzepzioak, kalteberatasuna onartu eta mendekotasun mota ezberdin batetik sor daitekeen askatasun sakona uler dezan.
'Wash Over' filmean, mendekotasunaren kontrastea aztertu dut, laguntzaren eta konexioaren ahalduntze indarraren eta esplorazioaren arteko lerro mehean nabigatuz. Narrazioak emakume independente bati jarraitzen dio, erakutsiz apurka-apurka amore ematen diola ikusia eta entzuna izateko irrika inkontzienteari. Uharteko biztanleekin izandako elkarreragin samurrek, fikziozkoek zein errealek, bultzatutako esperientzia da. Nire helburua da filmaketan arreta azpimarratzea, uhartearekin eta bertako jendearekin konektatzea, eta haien denen istorioak ehuntzea pertsonaiaren bidaian barrena".
Marieke Elzerman, zuzendaria