Itzuli

Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa zinemagileek euren proiektu zinematografiko berriak garatuko dituzte Ikusmira Berriak programaren barruan.

Guztira, 348 proiektuk eman dute izena nazioarteko panoraman sendotzea lortu duen programaren bederatzigarren edizioan.

Ikusmira Berriak programak bere dirulaguntza bikoiztuko du ICAAren laguntzari esker eta zinemagile bakoitzak 10.000 euro jasoko.

 

 

Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa egileen proiektu zinematografikoak aukeratu dituzte 2023ko Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioan inskribatutako 348 proiektuen artetik. Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten ikus-entzunezko proiektuen egoitza- eta garapen-programak nazioartean sendotzea lortu du, eta, 2015ean sortu zenetik, guztira ikus-entzunezko 38 proiektu babestu ditu. Proiektu horien erdiak burutu dira, eta, kasu askotan, mundu guztiko zinema eta jaialdietan estreinatu.

2023ko egoitzetarako inskribatutako 348 proiektuetatik hamaika EQZE kategoriakoak dira, hamaika Nest sailaren kategoriakoak, hamalau EAEko kategoriakoak, 118 Espainiako zinemagileen kategoriakoak eta 194 nazioarteko kategoriakoak. Hauek dira Ikusmira Berriak programaren bederatzigarren edizioan hautatutako sei tituluak.

  • EQZE: Ulysses, Hikaru Uwagawa.
  • NEST: after the night, the night, Naomi Pacifique.
  • EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA: La última noche de un Erasmus en Roma / An Erasmus Student’s Last Night in Rome (Erasmus baten azken gaua Erroman), David Pérez Sañudo.
  • ESPAINIA: Claros de bosque / Forest Clearing (Basoko argiak), Maddi Barber.
  • NAZIOARTEKOA: I Can Hear Your Voice… Still, Sameh Alaa.
  • NAZIOARTEKOA: Te amo y hoy todo es hermoso / I Love You and Everything is Beautiful, María Alché.

Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian, Madrilen bizi den Hikaru Uwagawa (Hiroshima, 1996) japoniar zuzendaria aukeratu dute. Sorkuntzako graduondokoa egin zuen zentro horretan, eta, zenbait film labur zuzendu ondoren, egoitza aprobetxatuko du Ulysses filmean lanean jarraitzeko. Iraupen luzeko filma da, eta dagoeneko zenbait zati filmatu ditu. Naomi Pacifique (San Jose, Costa Rica, 1994) suitzar-holandar zuzendariak after the night, the night film luzearen bere proiektua garatuko du after the room (2021) filmarekin hasitako film laburren triptiko baten barnean. Hain zuzen, after the room lana Donostia Zinemaldiko Nest sailean eman zen eta Zilarrezko Pardino saria irabazi zuen Locarnoko zinema-jaialdian.

Euskal kategorian aukeratua, David Pérez Sañudo (Bilbo, 1987) zinemagileak Ikusmira Berriak programan parte hartuko du La última noche de un Erasmus en Roma / An Erasmus Student’s Last Night in Rome (Erasmus baten azken gaua Erroman) filmarekin. Egilearen bigarren film luzea da Ane (2020) lanaren ostean; azken hori New Directors sailean lehiatu zen eta Irizar Saria eskuratu zuen Donostia Zinemaldian. Bestalde, Maddi Barber (Lakabe, 1988) nafar zuzendaria Espainiako kategorian hautatu dute, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean 592 metroz goiti / Above 592 Metres (2018) eta Urpean lurra (2019) lanak aurkeztu ondoren, fikziora egingo du jauzi Claros de bosque / Florest Clearing (Basoko argiak) proiektuarekin. Lan horrek Noka Mentoring programaren laguntza ere jaso zuen; hain zuzen, programa hori Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Tabakalerak koordinatu, Zinemaldiarekin eta Zineuskadirekin lankidetzan, EAEko eta Nafarroako zuzendari berrien film luzeen proiektuak laguntzeko.

Bigarren urtez jarraian, nazioarteko kategoriak bi ordezkari izango ditu. Alde batetik, Sameh Alaa (Kairo, 1987). Egiptoar egileak film labur onenaren Urrezko Palma irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdian, I Am Afraid To Forget Your Face (2020) lanarekin, eta bere lehen film luzea egingo du I Can Hear Your Voice… Still izenburupean. Bestetik, María Alché (Buenos Aires, 1983) argentinar zinemagile eta aktoreak bere bigarren lana izango den Te amo y hoy todo es hermoso / I Love You and Everything is Beautiful filmarekin parte hartuko du. Aurrez, Familia sumergida (2018) filmarekin egin zuen debuta. Lan hori Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zen eta Donostia Zinemaldian Horizontes Saria irabazi zuen Zinema Eraikitzen ekimenean egon eta gero.

Hautapen-batzordea Donostia Zinemaldiko, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko eta EQZEko ordezkariek osatu dute, eta askotariko agertokietan girotuta gai ezberdinak jorratzen dituzten proiektuak aukeratu ditu: ‘etxe’ kontzeptua aztertzen duen Homeroren Odisea klasikoaren berrikuspen japoniarra (Ulysses); Amsterdamgo kaleak agertoki izanik monogamia zalantzan jartzen duen lana (after the night, the night); hogeita hamar urte inguruko gizon baten itzulera Erromara, non konturatuko baita pertsona bera ez dela (La última noche de un Erasmus en Roma); emakume bat, gizon bat eta hiru oilar lotzen dituen istorioa Nafarroako Pirinioetan (Claros de bosque); Egiptoko gizarte patriarkalean bidea urratzen saiatzen ari den emakume baten kontakizuna (I Can Hear Your Voice… Still), eta melodrama intimo bat, 40ko eta 60ko hamarkaden arteko Argentinako historiako gertakari garrantzitsuen garaian (Te amo y hoy todo es hermoso).

Programak zortzi aste iraungo du, eta bi egonaldi egingo dituzte parte-hartzaileek. Martxoaren 6an iritsiko dira sei zinemagileak Tabakalerara, eta, bertan –Artisten Gunean, zehazki–, apirilaren 16ra arte lan egin ahalko dute euren proiektuen garapenean. Epe horretan, haien premietan oinarrituta, proiektu bakoitzerako berariaz aukeratutako profesionalen eta adituen batzordeko kideen aholkuak jasoko dituzte. Ekainean, egoiliar bakoitzak 10.000 euroko laguntza jasoko du, programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarraitu ahal izateko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan industriako profesionalei aurkeztu ahalko dizkiete proiektuak, eta, agenda pertsonalizatu bati esker, euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Horrez gain, Elamedia Euskadi postprodukzio-enpresak Postprodukzioko Elamedia Euskadi Saria emango dio hautatutako proiektuetako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.

Ikusmira Berriak programak Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Erakundearen (ICAA) ikus-entzunezko proiektuak sortzeko eta garatzeko laborategientzako laguntzak jaso ditu 2022. eta 2023. urteetarako, Ikus-entzunezko Sektorea bultzatzeko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Plan horren helburua da indartzea laborategiak, inkubagailuak, egoitzak, plataformak eta antzeko ekimenak, idazketa- eta garapen-fasean proiektuak bultzatzen dituztenak, ekoizpenetan kalitate handiagoa lortzeko eta merkatura eta publikoarengana hobeto iristeko, haien zirkulazioa eta errentagarritasuna bermatuko dituzten kondizio egokiekin. Laguntza horiei esker, Ikusmira Berriak programak bikoiztu egin du egoitzako proiektuetarako laguntza ekonomikoa, eta zinemagile bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu bere proposamenean lan egiteko, orain arte ematen ziren 5.000 euroen ordez.


Programa sendotzea eta 2023rako aurreikuspenak

Aurten agerian geratu da programa gero eta sendoago dagoela, eta horren erakusgarri da 2022. urtean nazioarteko zinema-jaialdietan Ikusmira Berriak programan garatutako hiru proiektu estreinatu direla. Alde batetik, Elena López Rierak Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen El agua, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen eta Violette D‘or Saria eskuratu zuen Tolosako CineEspaña zinema-jaialdian. Bestetik, Manuel Abramovich eta Mikel Gurrea Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu diren Ikusmira Berriak programako lehen zinemagileak izan ziren: lehenak, Pornomelancolía lanarekin, Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen Donostian, bai eta Bordeleko Zinema Independentearen zinema-jaialdiko Film Onenaren Epaimahaiaren Sari Nagusia ere; bigarrenak, berriz, Suro filmarekin, Euskal Zinemaren Irizar Saria eta FIPRESCI Saria Donostian, besteak beste.

2015eko lehen ediziotik, Ikusmira Berriak programak ikus-entzunezko 38 proiektu garatzen lagundu du; horietatik 16 amaitu dira, eta gainerakoak garapen-fasean daude. Dagoeneko amaitutako hamar proiektuk sari garrantzitsuak lortu dituzte nazioarteko jaialdietan; horien artean dago Arantza Santestebanen 918 gau (2021), Torinoko Zinema-jaialdian Sail Ofizialeko film onenaren saria lortu zuena, film onenaren Lisboa Hiria Saria DocLisboan eta Publikoaren Saria eta aipamen berezia Nafarroako Punto de Vista zinema-jaialdian. Horrez gain, Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean programatu da aurten. Bestalde, beste sari batzuen artean, Kiro Russo egileak Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean, Zabaltegi-Tabakalera sailean ere aurkeztutako El gran movimiento (2021) lanarekin. Helena Girónek eta Samuel Delgadok, berriz, Eles transportan a morte They Carry Death (Ellos transportan la muerte) (2021) lanarekin Veneziako Kritikaren Asteko Ekarpen Tekniko Onenaren Saria eskuratu zuten, bai eta aipamen berezia ere Zabaltegi-Tabakalera sailean.

Era berean, Ikusmira Berriak programako zenbait proiektu postprodukzio-fasean daude eta datozen hilabeteetan estreinatuko dira. Hain zuzen, horiek dira O corno do centeo (Jaione Camborda), Antier noche (Alberto Martín Menacho), Creatura (Elena Martín Gimeno) eta Dormen os peixes de olhos abertos (Nele Wohlatz).

 


 

Antolatzaileak

Finantzaketa

Laguntzaileak