Itzuli

Ana Cristina Barragán, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, Joâo Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeld zinemagileek euren proiektu zinematografiko berriak garatuko dituzte Ikusmira Berriak programan

Guztira 281 proiektuk eman dute izena 2022ko programan. zortzigarren edizio honetan, bostetik seira handituko da egonaldi kopurua.

Ikusmira Berriak programaren zortzigarren edizioan izena eman duten 281 zinema-proiektuen artean, Ana Cristina Barragán, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, Joâo Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeld zinemagileenak aukeratu dira. Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldien programa da, eta Donostia Zinemaldiak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute. 2022ko edizioan, egonaldi kopurua bostetik seira handituko da.

  • EQZE: La hiedra, Ana Cristina Barragán.
  • NEST: Estrany riu / Strange River, Jaume Claret.
  • ESPAINIA: Lejos de los árboles / Far from Trees, Meritxell Colell.
  • EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA: Anekumen, Irati Gorostidi.
  • NAZIOARTEA: Bandeira, Joâo Paulo Miranda
  • NAZIOARTEA: Frankenstein, Maximiliano Schonfeld.

Ana Cristina Barragán (Quito, 1987) zuzendari eta gidoilari ekuadortarrak Horizontes saria irabazi zuen Donostia Zinemaldian, bere lehen film luzeari esker: Alba (2016). Orain, Ikusmira Berriak programan parte hartuko du, Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) hirugarren promozioko ordezkari gisa, La hiedra proiektuarekin. Jaume Claret katalana (Bartzelona,1973) ere EQZEn aritu zen, lehenengo promozioan, eta, 2020an, Ella i jo lana estreinatu zuen Nest sailean. Hain zuzen, kategoria horretako ordezkari izango da, Estrany riu / Strange River proiektuarekin. Meritxell Colell (Bartzelona, 1983) Espainiako kategorian aritzeko aukeratua izan da, Lejos de los árboles / Far from Trees izeneko bere hirugarren film luzea garatzeko. Con el viento - Amb el Vent (2018) filma estreinatu zuen Berlineko zinema-jaialdian, eta Made in Spain sailean hartu zuen parte, Dúo filmarekin (postprodukzio-fasean). Irati Gorostidi zinemagile nafarrak (Eguesibar, 1988) Noka programan hartu zuen parte eta Tabakalerako Artisten Gunean egoiliar izan zen. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko du Anekumen proiektuarekin. Hainbat esperientzia izan ditu film laburren eremuan, baina aipatutako hori izango da bere lehen film luzea.

Gainera, aurten, bi ordezkari izango ditu nazioarteko kategoriak. Alde batetik, Joâo Paulo Miranda brasildarrak (Porto Feliz, 1982), New Directors sailean parte hartu zuena Casa de antiguidades / Memory House (2020) filmarekin, Ikusmira Berriak programako egonaldia baliatuko du bere hurrengo filmean lan egiteko: Bandeira. Bestetik,Maximiliano Schonfeld argentinarrak (Crespo, 1982) Frankenstein proiektua landuko du. 2020an WIP Latam egitasmoan parte hartu zuen Jesús López izeneko bere hirugarren film luzearekin, eta, Donostia Zinemaldiaren azken edizioan, Horizontes Latinos saila inauguratu zuen lan horrekin berarekin.

Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek osatutako Hautaketa Batzordeak askotariko gaiak lantzen dituzten eta hainbat latitudetan kokatzen diren proiektuak aukeratu dituzte: ama eta semearen arteko harremanaren miaketa bat, gorputzek naturarekin duten lotura lantzen duena (La hiedra); anaien arteko harremanetako maskulinitateari buruzko kontakizun bat, Danubio ibaia itxuraldatzen den heinean aldatzen dena (Estrany riu); emakume batek Andeetako soinu-mapa egitean dituen gorabeherak, horren bidez doluari, beldurrei, ametsei, erbestealdiaren ondoretasunari eta deserrotzeari buruz hitz egiteko (Lejos de los árboles); istorio bat langile militanteek osatutako talde baten desilusioari buruz, 1980ko hamarkada amaierako Euskadin fabrika uzten duena, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko (Anekumen); bidaia bat Argentinako paisaietan eta izateko moduetan zehar, desbideratze eta ingurune ahuletan eta ia ikusezinetan (Frankenstein); eta bidaia bat Amazoniako oihanaren bihotzean urrea bilatzen ari den gazte indigena baten eromenera ( Bandeira).

Programak zortzi aste iraungo du, eta bi egonaldi egingo dituzte parte-hartzaileek. Martxoaren 14an iritsiko dira sei zinemagileak Tabakalerara, eta, bertan –Artisten Gunean, zehazki–, apirilaren 24ra arte garatu ahalko dituzte euren proiektuak. Aldi horretan, adituen eta profesionalen batzordeko kideen laguntza izango dute; ex professo aukeratu dira, parte-hartzaileen beharrak kontuan hartuta. Ekainean, egoiliar bakoitzak 5.000 euroko laguntza jasoko du, programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarraitu ahal dezaten. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan industriako profesionalei aurkeztu ahalko dizkiete proiektuak, eta, agenda pertsonalizatu bati esker, euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Gainera, Irusoin ekoiztetxeak Irusoin saria emango dio proiektu horietako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.

BALANTZE POSITIBOA

Ikusmira Berriak programak 2021ean hartu zituen proiektuei dagokienez, Manantial proiektuak (Manuel Muñoz Rivasek zuzendua eta El Viaje Producciones enpresak ekoitzia) Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) film luze dokumentalak egiteko ematen duen laguntza jaso du. Eduardo Cresporen La gruta del viento lanak Irusoin saria lortu zuen Donostia Zinemaldian, eta Pensar con las manos eta Primera Casa enpresek ekoitziko dute. Magdalena Orellanaren Hasta que el lugar se haga improbable filma Cineteca guneko ikus-entzunezko proiektuetarako egonaldietan eta Mataderoko egonaldi artistikoetan parte hartzeko hautatua izan da. Horrez gain, Marina Palacioren Y así seguirán las cosas Vitrine Filmes enpresak ekoitziko du, eta Mina Fitzpatricken Wandervogel, aldiz, Site ekoiztetxeak.

Balantzea positiboa da, baita ere, Ikusmira Berriak programaren aurreko edizioetako proiektuek izan dituzten lorpenei dagokienez. Berrienen artean, El gran movimiento (Kiro Russo, 2021) nabarmendu behar da. Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi ondoren; gainera, Boliviako hautagai izan zen Oscar sarietako nazioarteko film onenaren kategorian, eta zuzendari onenaren saria irabazi zuen Bosphorus zinema-jaialdian. Eles transportan a morte / They carry death (Helena Girón eta Samuel M. Delgado, 2021) filmak, halaber, aipamen berezia lortu zuen Zabaltegi - Tabakalera sailean, Ekarpen Tekniko Onenaren Saria Veneziako Kritikaren Astean, bai eta Zuzendari Onenaren Saria ere, Toulouseko Cinespaña jaialdian (2021). 918 gau (Arantza Santesteban, 2021) filma ere nabarmendu behar da, Film Onenaren Lisboa Saria irabazi baitu DocLisboa jaialdiaren 2021eko edizioan, baita Film Onenaren Saria Torino Film Festivaleko TFFDoc/Internazionale.doc sailean.

 


 

Antolatzaileak

Finantzaketa

Laguntzaileak