Itzuli

Ikusmira Berriak egitasmorako hautatutako bost zuzendariek Tabakalerako egonaldietan izandako esperientzien berri eman dute

Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak babesteko programa bat da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak antolatua, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. Programa horren barruan eskainitako egonaldiak iragan abuztuaren 15ean jarri ziren martxan. Egonaldiek sei asteko iraupena daukate. Horietan, Leo Calice, Mikel Gurrea, Aitor eta Amaia Merino eta Kiro Russo zuzendariek Tabakalerako Sortzaileen Gunerako aukeratutako lau proiektu garatuko dituzte. Prozesuan laguntzeko, lehenengo lau asteetarako profesional hauen ikasgai magistralak antolatu dira: Fernanda del Nido, Tic Tac Company ekoiztetxe independentearen sortzailea; John Paul Sniadecki, bere filmekin genero dokumentaleko mugak desafiatzen dituen zuzendaria, eta Manuel Arranz, RTVEren La2-eko zuzendari-ohia eta telebista programen ekoizlea. Horrez gain, egonaldirako aukeratutako sortzaileek baimen osoa izango dute Tabakaleran beren erreferentzia zinematografikoen artean den film bat programatzeko.

Egonaldiko bosgarren astean, Donostia Zinemaldiaren hasierarekin batera, pitching delakoa egiteko prestatuko dira: ikus-entzunezko proiektuaren aurkezpen labur bat, lan hori koproduzitzeko eta banatzeko interesa izan dezaketen ekoizle eta nazioarteko salmenta-agenteen aurrean. Zinemaldiko industria-arloan egingo dute pitchinga; iaz, 1.496 akreditatu bildu ziren arlo horretan. Hala, Industry Clubera bertaratutakoekin hitzorduak adosteko aukera izango dute, profesional gisa arituko dira jarduera horietan, eta emanaldi guztietara joateko akreditazio bat ere eskuratuko dute. Egonaldia, hain zuzen ere, irailaren 25ean amaituko da, Zinemaldia bukatu eta hurrengo egunean.

Sei aste horietan, aurkeztutako 33 proiektuen artean haienak aukeratu zituen aditu-batzordearen laguntza eta aholkularitza jasoko dute: Paz Lázaro, Berlineko zinema-jaialdiko Panorama saileko programazio-zuzendaria; Ada Solomon, zinema-ekoizlea eta HiFilm Productions ekoiztetxearen sortzailea, eta Sergio Oksman brasildar zuzendaria (Goodbye AmericaA Story for the ModlinsO futebol) eta Dok Films ekoiztetxearen arduraduna. “Nire ustez, programa hau opari bat da benetan, edozein artistarentzat. Patxadaz ikertzeko eta sortzeko aukera bat da, etxetik eta egunerokoaren betebeharretatik urrun, ingurune zoragarri batean, Donostian, sekulako zinema-jaialdi baten babesarekin” adierazi du Solomonek. Zaila iruditu zitzaion proiektua aukeratzea: “Txunditu ninduen proposamenen kalitateak, eta ezinezkoa iruditu zitzaidan lau soilik aukeratzea. Hautatzeko, osotasunean ebaluatu genituen proposamenak: horien originaltasuna, proiektuaren kalitatea, zinemagileak bere ideia zinemara eramateko duen gaitasuna, eta haren talentu eta eskarmentua”, azaldu du errumaniar ekoizleak.

Hamar egunez Tabakaleran lanean aritu ostean, beren iritziak plazaratu dituzte Leo Calicek, Labo kategorian (Clermont-Ferrand zinema-jaialdiko film labur esperimentalen saila); Mikel Gurreak, Kimuak film laburren aukeraren barruan; Aitor eta Amaia Merinok, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendarien kategorian, eta Kiro Russok, urtero Donostia Zinemaldian egiten den Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaguneko parte-hartzaileen aukeraren barruan.

Antolatzaileak

Finantzaketa

Laguntzaileak